Irungo airearen kalitatea neurtzeko sarea sortuko dute
50.000 biztanletik gora dituzten hiriek derrigorra dute airearen kalitatea kontrolatu eta mantentzeko sarea izatea. Next Generation funtsekin gauzatuko dute.
Udal gobernu batzarrak gaur iragarri du Irungo airearen kalitatearen kontrol eta jarraipenerako monitorizazio sarea izango dena hornitzeko, ezartzeko, martxan jartzeko, erabiltzeko eta mantentzeko kontratazioa onartu dutela. Next Generation funtsek finantzatuko dute jarduketa 179.830,20 eurorekin.
Hain zuzen, duela bi urteko maiatzaren 20ko 7/2021 legeak dio 50.000 biztanletik gora dituzten hiriek emisio gutxiko eremua (EGE) eduki behar dutela. Lege hori klima aldaketari eta energia trantsizioari buruzkoa da.
Udalak adierazi du EGE horiek jartzeko “hainbat esparrutan” neurri batzuk hartu beharko dituztela, airearen kalitatea hobetze aldera.
Horrez gain, sare bat sortzea aurreikusi dute, “hobekuntza ebaluatzeko eta airearekin kalitatea monitorizatzeko”, eta jarri nahi diren sentsoreek emisio gutxiko eremuak arautzeko 1052/2022 Dekretuan adierazitako parametroak neurtzen dituzte.
Sareak EGEak jarri aurreko egoeraren berri emango du eta, EGEak jarri ondoren, hartutako neurrien onura baloratu eta neurri gehigarriak jartzea “objektiboki” ebaluatuko du.
Bestalde, 2022ko abenduaren 28an abenduaren 27ko 1052/2022 Dekretua publikatu zen EGE horiek arautzeko, eta lege horrekin eremu osoan legedi homogeneo bat jarri nahi dute. Erraztasunak emango dizkie EGEak jartzeko derrigorrez aplikatu behar duten udalei.