Hondarribian ere, sagardoaren bueltako festa
Datorren larunbatean (hilak 29), Hondarribiko Sagardo Egunean, zazpi sagardogileren zukuak dastatzeko aukera izango da. Iaz bezala, Madalen plazan antolatu dute.
Datorren larunbatean (hilako 29) Hondarribiko Sagardo Eguna ospatuko dute. Urtero bezala Hondarribiko Sostengu Taldeak antolatu du, baina Hondarribiko Udalaren, Antxeta Irratiaren, Muara Kultur Elkartearen eta Olagarro elkartearen laguntza jaso du ere.
Iaz egin bezala, aurten ere, lekua errepikatuko dute. Madalen plazan izango dira sagardo egunera bertaratuko diren zazpi sagardogileak. Honako hauek izango dira: Urruñako Camino Berri, Irungo Ola, Adunako Zabala, Astigarrako Oialumezar eta Petritegi, Hernaniko Larregain eta Donostiko Lizeaga.
Tiketak 8 euroko kostua izango du. Harekin, beirazko edalontzi bat jaso eta nahi beste sagardo dastatzeko aukera izango da eta tortilla edo txorizo pintxo bat jan ahal izango dute ere.
Arratsaldeko 18:00etatik 21:00ak arte iraungo du festak, bien bitartean, musikak lagunduko ditu herritarrak. Herri giroa sortzeko eta ondo pasatzeko eguna izateaz gain, urtero Etxerat elkarteari babes ekonomikoa emateko eguna izaten da ere. “Gradu aldaketak direla eta sortzen diren gastuei aurre egiteko Hondarribitik gure bultzadatxoa eman nahi dugu” azaldu dute antolatzaileek.