Ikasturteari itxiera emateko, bazkaria
Hondarribiko Gaztelekuan itxiera bazkaria egingo dute bihar 12:30etatik 15:30etara. Ikasturtearen oso balorazio "oso positiboa" egin du Pilar Blanco hezitzaileak.
Ostiral honetarako itxiera bazkaria antolatu dute Hondarribiko Gaztelekuan. Hasiera batean, itxiera festa egin behar zuten, baina azkenean, gazteen ekimenez, bazkari eder bat egingo dute.
12:30etatik 15:30etara bilduko dira Gaztelekuak Molla ibilbidean duen egoitzan. Gazte bakoitzak zerbait eramateko konpromisoa hartu du. Bapo bazkaldu ondoren bideo bat ikusiko dute. Ikasturtean zehar, egunero, hainbat momentu grabatu dituzte hezitzaileek. Zati horiek guztiak bildu eta “segundoaren bideoa” deitu diotena proiektatuko dute bihar. Pilar Blanco hezitzailearen esanetan, “lasai lasai” emango diote itxiera ikasturteari eta bertaratu nahi duen oro ongi etorria izango da.
Ikasturtearen oso balorazio positiboa egin du Blancok, “batez ere, beraien parte hartze aldetik. Inplikatu dira, ekintzak antolatu eta dinamizatu dituzte… eta hori da bilatzen genuena. Ez genuen subjektu pasiboak izatea nahi, ekintzak zuzenean jasotzea, baizik eta beraiek gauzak bultzatzea nahi genuen. Hori zen gure ideia nagusia”. Udako ekintzak ere “oso potenteak” izan direla azaldu du eta parte hartzea handia izan dela.
Ikasturtea ixtera doaz, baina irailaren amaieran edo urri hasieran ekingo diote kurtso berriari. Oraindik guztiz ziurra ez bada ere, aurreko ikasturteetan egin bezala, Hondarribiko Jai Nagusien ondoren kuadrillekin bilerak egitea da asmoa. Era horretan, gazteak “zer moduz dauden” ikusiko dute eta, prozesu parte hartzaile baten bidez, datorren ikasturtea programatuko dute.