Bortxaketa bat salatu du Lakaxita Gaztetxeak
Elkarretaratzea deitu dute larunbaterako San Juan plazan, 13:00etan, biktimari "elkartasuna adierazteko eta erasotzaileari gure amorru eta nazka guztia erakusteko".
Lakaxita Gaztetxeak gaur jakinarazi du uztailaren 8an bortxaketa bat izan zela espazio okupatuan. Eman duten xehetasunen arabera, biktima emakume bat da eta hari “elkartasuna” adierazi nahi diote, eta erasotzaileari “gure amorru eta nazka guztia”.
Horretarako, elkarretaratze bat deitu dute larunbat honetarako (hilak 22a da) San Juan plazan, 13:00etan. Horrez gain, aurreikusitako jarduera guztiak bertan behera utzi dituzte iraila bitarte. Lakaxita ez dela emakumeentzako espazio segurua azaldu dute eta “barne hausnarketa prozesu batean murgilduko gara gure benetako gune askea birpentsatzeko”.
“Ez dugu inolako erasorik onartuko. Erasotzaileei hortzak erakutsi. Gora borroka feminista!” aldarrikatu dute sareetan.