Aurtengo Girabira bihar abiatuko da Belaskoenean
Gai baten inguruan, familiak hiriko parkeez gozatzera gonbidatzen dituzte. Biharko gaia zirkua izango da, eta jarduerak Belaskoeneako ikastetxeko jolastokian egingo dituzte.
Irungo Udalak jakinarazi du bihar izango dela 2023ko Girabirako lehen saioa. Aurtengoa egitasmoaren bederatzigarren ekitaldia izango dela gogorarazi du udalak, eta gai baten inguruan, familiak hiriko parkeez gozatzera gonbidatzen dituzte.
Lehen saioko gaia zirkua izango da. Hasiera batean jarduerak Gain Gainean parkean ziren egitekoak, baina eguraldi txarra iragarria dagoenez, lehen Girabira Belaskoenea ikastetxeko jolastokira lekualdatu dute.
Parte hartzaileak 17:30ean hasiko dira zirku tailer batekin. ArmiArma Compagnie-k, Vol ‘Arte Studio école de cirque-k eta Ziliportaka Elkarteak emango dituzte ikastaro horiek. Hiru zirku elkarteen eskutik, familiek 4 zirku tailerretan hartuko dute parte: malabarismoko bi, aire akrobazietako bat eta slackline-ko beste bat. Parte hartzaile bakoitzak heldu batekin joan beharko duela adierazi dute antolatzaileek. Tailerretan parte hartzea librea izango dela zehaztu dute, eta jolastokian zehar egongo dira banatuta.
19:30ean, aldiz, zirku ikuskizun bat egongo da. Circo Chosco konpainiak ‘Oh Pera’ ikuskizuna antzeztuko du.