Animalien elkarteek erreklamazioei erantzuteko eskatu diote udal gobernuari
Espainiako Gobernuak katuen kolonien kontrola hobetzeko eta bultzatzeko diru laguntzak atera zituen urtarrilean, baina lehen aukera hori galdu zela esan du Elkarrekinek. Maiatzean bigarren deialdi bat ireki zen eta igandean itxiko da. David Nuñok erregistro bat sartu du HAZen bigarren aukera hori ez galtzeko.
Aurtengo urtarrilean Espainiako Gobernuak diru laguntzak atera zituen tokiko erakundeentzat eta udalentzat katuen kolonien populazioaren kontrola hobetzeko eta bultzatzeko. Irungo Elkarrekin koalizioak jakinarazi du laguntza horien helburua dela elkarte animalistek katuen kolonien populazioa kontrolatzeko proiektuetan dituzten gastuak ordaintzea, “harrapatzeko, esterilizatzeko eta itzultzeko metodo etikoaren bidez”.
Lehen deialdia urtarrilean hasi eta maiatzean bukatu zen, eta Elkarrekinek adierazi du animalien ongizatearen erantzukizuna barne hartzen duen arloak, Udaltzaingoak, “ez ziola kasurik egin” laguntza lerro horri, lehen aukera hori “galduz”. Maiatzean, Angela Clape, Irungo talde animalisten ordezkarietako bat, Hirigintza, Garpen Iraunkorra, Mugikortasuna, Bide Publikoa, Obrak eta Udaltzaingoaren Informazio Batzordera bertaratu zen, “diru laguntza hori Irungo Udalak eskatu ote zuen galdetzeko”. Elkarrekinen esanetan, erantzun ezin ziotela esan zioten ordezkariari.
Bigarren deialdia maiatzaren 23an ireki zen, eta igandean itxiko da, hilak 23. Hori dela eta, David Nuño Elkarrekin koalizioko bozeramaileak erregistro ofizial bat egin du HAZen udalak “animalien ongizaterako politiketan aurrera egiteko” eta laguntza lerro hori eskatzeko. “Uztailaren 23an bukatzen da epea, akats handia litzateke deialdi hau berriro pasatzen uztea”, esan du Nuñok.
Elkarrekinek baietsi du “aspalditik” egon direla harremanetan elkarte animalistekin. Kolektiboek azaldu dute “ahal duten bezala” egiten ari direla katuen koloniak kontrolatzeko lan hori. Elkarte horiek, besteak beste, Animales de Asis, ASAMA, IrunSoS Mascotas, Grupo Nebak eta AKE Irun dira.
Elkarteek nabarmendu dute “dirua aurreratu” behar izan dutela, eta alkatearekin edo ordezkariekin eseri direnean, “hormarekin” hitz egiten zutela iruditu zitzaiela gaineratu dute. Kolektibo animalistek esan dute ez daudela “gustura gobernuak egiten duen kudeaketarekin”. Diru laguntzez gain, “eskaera eta behar ezberdinak” dituztela aitortu dute elkarteek, eta, horretarako, “bat egiteko eta elkarrekin indar egiteko” erabakia hartu dutela iragarri dute: “Hori da benetan entzuteko modu bakarra”.