Squash txapelketa herrikoia, Lur Alairen hamar urteak ospatzeko
Lur Alai Squash Klubak hamar urte beteko ditu abuztuaren 5ean, eta urteurren esanguratsu hori ospatzeko, lagunarteko txapelketa bat antolatu dute egun horretarako. Artalekun izango da, 09:00etatik 14:00etara.
Lur Alai Squash Klubak hamar urte beteko ditu abuztuaren 5ean, eta urteurren esanguratsu hori ospatzeko, lagunarteko txapelketa herrikoia antolatu dute egun horretarako.
Txapelketa abuztuaren 5ean jokatuko da, larunbat goizean, 09:00etatik 14:00etara, Artaleku kiroldegian. Jende guztiaren parte hartzea sustatzeko, jokalari bakoitzaren mailara egokitutako taulak osatuko dituztela jakinarazi du klubak. Hori dela eta, neska eta mutil gazteen, guraso eta senideen, emakumeen eta gizonen taulak osatuko dituzte.
Lur Alaiko kideek argi utzi dute “squashean jokatzen eta murgiltzen hasteko” jarduera bat dela honakoa, “lehiakortasunari garrantzia kendu nahian”. Horrez gain, squashean jokatzeko baliabide eta material guztia klubak eskainiko duela adierazi dute. Edatekoa eta jatekoa egongo dela aurreratu dute, baita oparitxo bat ere. Jendea Artalekura bertaratzera animatu du klubak.
Izen-emateak irekita daude, eta hiru bide ahalbidetu ditu klubak: Instagram kontua (@luralaisquash), helbide elektronikoa eta 687 97 64 96 telefono zenbakia (deitu edo WhatsApp mezua bidali).
Eskerrak
Azken hamar urteetan Lur Alairen alboan izan diren pertsona, elkarte eta eragile guztiak eskertu dituzte. Emakume eta ‘amatxo’ jokalari taldeari ere eskerrak eman dizkiote, “haien familia eta kontziliazio agenda estuan squashari tartea egiteagatik”. Eskolako neska-mutilak ere ez dituzte ahaztu, eta bereziki beren guraso eta senideak eskertu dituzte, squashera ekarri eta eurengan sinisteagatik. Azkenik, klubeko jardueretan parte hartu duten eta parte hartzen jarraitzen duten jokalariak eskertu ditu Lur Alaik.
Pistak irekitzeko aldarria
Lur Alai aspalditik dago gatazkan udalarekin, eta beste behin Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol ordezkariari dei egin diote “itxi zuen squash pista berriz irekitzeko”: “Hilzorian dagoen kirol bat bultzatzea eta berpiztea lortu duen edozein elkartek ezin du honelako neurri atzerakoirik onartu, are gutxiago neurri horiek babesteko erabiltzen diren aitzaki eta jarrerak. Squasha benetan sustatzen lagundu nahi badu, squash pista guztiak ireki ditzala”.