"Konponbidearen aldeko" sinadura bilketa abiatu du Guztion Alardeak
"Sentsibilitate ideologiko zein belaunaldi anitzetako" hondarribiar talde bat bildu da gaur Guadalupeko zelaietan, "Alardearen gatazkaren konponbidearen alde".
Guztion Alardeak “sentsibilitate ideologiko zein belaunaldi anitzetako” hirurogei bat lagun bildu ditu gaur Guadalupeko zelaietan, hedabideei bidalitako ohar batean adierazi dutenez, “Alardearen gatazkaren konponbidearen alde”. Sinadura bilketa bat abiatu berri dutela jakinarazi dute, “pentsatuz hondarribiar gizartearen gehiengoak bat egingo duela”.
Ondorengo oinarrizko puntuak jaso dituzte, hitzez hitz:
- Alardea Hondarribiar guztion ondare immateriala da.
- Hondarribiko emakume bakar batek Alardean modu batean zein bestean parte hartzeko nahia badu, eskubide osoa dauka.
- Ospakizunaren etorkizuna bermatzeko, Alardea herriaren eskuetara itzuli behar da.
- Gatazka honen amaiera elkarrizketaren bidetik etorri behar da, hau baita norbanakoaren zauriak sendatzen hasteko modu bakarra.
Bilketa honi lotuta, zenbait egitasmo egingo dituzte uda honetan. Lehena hilaren 20an (osteguna da) izango da, Kultur Etxeko 103 gelan. Horrez gain, abuztuan zehar herriko zenbait puntutan sinatzeko aukera emateko puntuak jarriko dituzte. Aipatutako lau oinarri horiek jasotzen dituen orriak ere banatuko dituztela esan dute, “proiektuaren laguntzaileek ekimena beraien inguruarekin elkarbanatu ditzaten”.
Uda bukaeran sinadura guztiak udalari eta Alarde Fundazioari bidaliko dizkiete. Egun horretan (oraindik zehazteke dago) ahalik eta herritar gehien bildu nahi dituzte, “sinadura horiek denon artean entregatzeko”.
Egitasmo honen helburua “konponbiderako bidea erraztea” dela esan dute gaurko bilkuran, “guztiontzat izango den benetako konponbidea”. “Izan ere, zeinek sinisten du Alardea bakoitzaren gustuko ospakizun ezberdinetan zatitzea konponbidea denik? Guk ez dugu Hondarribiko gizarte kohesionatua zatitzeko inolako mugimendurik egingo”, erantsi dute.
Orain, Alardea antolatzen dutenek “kontrakoa bultzatzen ari direla” uste dute Guztion Alardea taldeko kideek: “Hondarribiarron gizartearen isla zen ospakizuna hankaz gora jartzen ari dira helburu bakar batekin: emakumeen parte hartzea ekiditea”.