"Potentzia handiko" bi jaialdi, Psilocybenearen 30. urteurrena ospatzeko
30. urteurrena ospatzeko bi jaialdi antolatu ditu elkarteak uztail eta abuzturako. Mundu osoko musika elektronikoa eta rocka izango dira nagusi.
Aurten, 30 urte beteko dira Psilocybenea aretoak lehen kontzertua jaso zuenetik. Urteurren biribil hori behar bezala ospatuko du elkarteak, 25 kandela itzali zituztenean bezalaxe. Aurtengoa «xumeagoa» izango dela azaldu zuten asteazkeneko agerraldian elkarteko kideek, baina halere, «handitasunez» ospatzea erabaki dute, «potentzia handiko bi festa» antolatu baitituzte uda honetarako.
Lehen hitzordua uztailaren 22an izango da (larunbata da), eta bigarrena berriz, abuztuaren 25 eta 26an egingo dute (ostiral eta larunbatean). Uztailekoa motorrak berotzen hasteko hitzordua izango dela dio Egoitz Alcaraz Psilocybeneako kideak. «Honetan musika elektronikoa izango da nagusi. Abuztuko jaialdian, estiloari dagokionez, oso markatuta dago, rocka izango da batez ere. Elkartea bera ere beste estilo batzuetara zabaldu da azken urteetan, eta hutsune hori betetzea erabaki dugu». Hortaz, 12 orduko festa egingo dute San Markos parkean, musutruk. Mr Chubachuba, Gorks & Nafo, Mauli, Alffte, Costas, Red Moon eta Lola Mento DJek dantzan jarriko dituzte bertaratutakoak.
Abuztuaren 25 eta 26an izango da jaialdi nagusia. Bi agertoki izango ditu abuztukoak, eta mundu osotik etorritako taldeak igoko dira oholtza horietara. «Kanpoko taldeak ekarri nahi izan ditugu, Los Angelesetik dator bat, adibidez. Baina ez ditugu hemengo taldeak alde batera utzi nahi izan. Azkenean jaialdiaren eta elkartearen oinarria beti izan dira bertako taldeak, bertako talderik gabe ez baitago elkarterik», erantsi du Nestor Urangak. Sasquatch, Joseba B Lenoir, Tzar, Txavvö, Imago 4, Bala, The Capaces, Lif, Naica, Horzdun eta Midnight Sinners taldeen txanda helduko da abuztukoan. Kiroldegiko aparkalekuan egingo dute jaialdia eta larunbatekoa bazkari herrikoi batekin biribilduko dutela aurreratu dute.
Igor Enparan alkatea ere jaialdiaren aurkezpenean izan zen, eta Psilocybeneak dituen hiru balio nabarmendu zituen: sorkuntza, konpromisoa eta autokudeaketa. «Eredu zarete, herri baliabideak herritarren ekienez funtzionatu dezaketela erakutsi duzuelako. Bidelagun izan nahi dugu datozen urteetan».
Aurki emango dute bi jaialdien ordutegien berri. Horien informazioa jaso bezain laster jakinaraziko du HITZAk.