Igor Enparan alkateak %20 jaitsi du bere soldata
Alkate berriak 58.866,25 euro kobratuko ditu urtean, Txomin Sagarzazu alkate ohiak 73.582,81 euro kobratzen zituenean. Udal gobernuko kide guztien soldatak ere jaitsi dituzte.
Esan eta egin. Hauteskunde kanpainan HITZAri jakinarazi zion bezala, Udal Gobernuko kideen soldata jaisteko erabakia hartu du Abotsanitzek. Joan den asteko udalbatzan, besteak beste, Igor Enparan alkate berriaren soldata jaitsiera eta udalbatzako kide berrien urteroko ordainsari berriak ezarri zituzten. EAJk osatu zuen gobernu taldearen ordainsariekin dator Abotsanitzek proposatu eta onartutako neurria: Udal Gobernuaren soldaten beherapena eta “berdintasun demokratikoa sendotzeko birbanaketa”.
Kargu publikoen ordainsariak ezartzeko “beste irizpide bat” ezarri nahi izan dute, “pasa den agintaldian zeuden gehiegizko soldatak jaitsiak”. Hala, beste langileen soldatengandik gertuago egongo dira eta politikarien ordainsarien gastu publikoa hein handi batean murriztuko dute. Horrez gain, oposizioan zeuden alderdien liberazioak %33tik %50erako igoera izango du, “sinisten baitugu oposizio lana egiteko baliabideak jarri behar direla eta elkarlana bultzatu nahi dugula”.
Udal Gobernu berria Abotsanitz taldeko 5 kidek osatuko dute, Enparan buru delarik. Gainontzeko alkateordeak Estitxu Urtizberea, Lupe Queiruga, Josu Peña eta Ortzi Alonso izango dira. Aurreko udal gobernuarekin alderatuta, pertsona bat gutxiagok osatuko du udala kudeatzeko taldea. Ez da aldaketa bakarra izan.
Soldatei erreparatuz, Enparanek 58.866,25 euro kobratuko ditu urtean, Txomin Sagarzazu alkate ohiak 73.582,81 euro kobratzen zituenean. Hau da, %20ko beherapena izango du.
Lehenengo alkateorde Estitxu Urtizberearen soldata ere jaitsiko dute. 53.017,3 euro kobratuko ditu urtean, Juan Mari Altuna jeltzaleak 61.130,33koa zuen bitartean. Hau da, %13,28an jaitsi dute soldata.
Gainontzeko hiru alkateordeek, Lupe Queiruga, Josu Peña eta Ortzi Alonsok urtean 43.017,64 euroko soldata izango dute. Hauen kasuan %5eko beherapena izan da.