Fran Justo: "Gose naiz eta gogo handia dut"
Real Union bihar jarriko da martxan Galen lehen entrenamenduarekin. 10:00etan izango da, ate irekiekin, eta biharkoa da Fran Justok zuzenduko duen bere lehen saioa. Atzo aurkeztu zuten prestatzaile berria, eta talde lehiakorra nahi duela aitortu zuen.
2023-2024 denboraldiko Real Union bihar jarriko da martxan Galen denboraldi aurreko lehen entrenamenduarekin. 10:00etan izango da, ate irekiekin, eta zaleek zuzenean ikusi ahal izango dute txuri-beltzen denboraldi aurreko lehen saioa. Jokalariek atzo pasa zituzten azterketa medikuak eta indar probak, eta bihar berdegunera irteteko prest egongo dira. Bien bitartean, Fran Justo entrenatzaile berria aurkeztu zuen atzo klubak Galen Igor Emery Administrazio Kontseiluko presidentearekin batera. Justo urtebeteko kontratua sinatua dator Irunera, eta bihar zuzenduko du bere lehen entrenamendua.
Emeryk argi utzi zuen entrenatzailearen figura “oso garrantzitsua” zela Real Unionen proiekturako, eta Justo izango da Galeko aulkian eseriko den prestatzailea: “Hausnarketarako barne prozesu bat egin dugu, nora joan nahi dugun jakiteko. Eta hausnarketa horretan argi genuen entrenatzailearen figura oso garrantzitsua dela gurea bezalako proiektu baterako. Proiektu horrek gidatu nahi dugun pertsona eta entrenatzailea aurkitzera eraman gaitu. Berak ere hasiera-hasieratik adierazi digu proiektu hau bat zetorrela orain behar zuenarekin”.
Txuri-beltzen entrenatzaile berria Emeryren ildotik mintzatu zen, eta onartu zuen “helburu komunak” izatea beti dela “garrantzitsua” leku batean jarduteko. Justok aitortu zuen “gose” dela eta “gogo handiz” datorrela Real Unionera, eta ziur da bere ibilbidean “urrats garrantzitsua” egin duela: “Gose naiz, gogo handia dut, baina Fran Justo umila da ere, lokatzetik datorrena, gauzak ahalegin handiz irabazi dituena. Futbol taldeak elementu ezberdinak osatzen ditugu eta helburu komunak izatea garrantzitsua da. Administrazio Kontseiluak bere seriotasuna helarazi dit, iraunkortasunaren eta lanaren balioan sinestea, eta bere anbizioa ere helarazi dit. Urrats garrantzitsua da nire ibilbidean. Futbol profesionalera iritsi naiz, eta nahi nuen hurrengo gauza zen futbol profesionala balitz bezala lan egin nezakeen leku batera iristea, epe ertain-luzera itzultzeko helburuarekin. Hemen osagai guztiak elkartzen ziren”.
Jokatzeko eraz galdetuta, Justok adierazi zuen Real Union “lehiakor” bat nahi duela: “Ostiraletik aurrera ohitura onak sortzen saiatuko gara. Indibidualtasunetik kolektibotasunera. Ondo entrenatuko dugu, taldeak lehiakorra izan behar du, zaletuak sumatu behar du Real Union gertu egongo dela asteburu guztietan partidak irabazteko. Argi dago onenekin egon nahi dugula, baina hasieratik ondo entrenatu behar dugu ondo lehiatzen hasteko”.
Gal eta zaleak gakoa direla argi utzi zuen Justok, eta jendearengan “ilusioa” piztu nahi du: “Pixkanaka jendearen ilusioa kutsatzea nahi dut. Real Unionek beti izan dituen balioak transmititzea nahi dut. Zelaitik jendearengana egin dezala, jendeak gero harmailetatik gauza bera itzul dezagun”.
Iñigo Muñoz, fitxaketa berria
Real Unionek datorren sasoiko taldea planifikatzen jarraitzen du, eta fitxaketa berri bat iragarri dute: Iñigo Muñoz aurrelaria. Lehen Federazioko Numantziatik dator, eta iaz 26 partida jokatu zituen, bi gol sartuta. Urtebeteko kontratua sinatu du txuri-beltzekin, urtebete gehiago luzatzeko aukerarekin.
Bestalde, klubak jakinarazi du Carlos Bravo eta Chema Nuñez jokalariek ez dutela Real Unionen jarraituko datorren denboraldian. Klubak beren profesionaltasuna eskertu eta onena opa die etorkizunerako.