Sabino Arana kaleko lanek ez dute etenik izango uztailean
Lurpeko hoditeria berritzerakoan "ezustekoak" izan dira eta horrek proiektuan atzerapenak ekarri ditu. Halere, uztailean obrekin jarraitzeko erabakia hartu dute, irailean eskolei eta joan-etorriei "ahalik eta kalte gutxien egiteko".
Sabino Arana kalea berritzeko lanekin jarraitzen du udalak. Lan hauen egoeraren berri emateko agerraldia eskaini dute gaur Igor Enparan alkateak, Estitxu Urtizberea alkateordeak, Nerea Alvarez udaleko arkitekto teknikoak eta Patxi Aristizabal Udaltzainburuak.
Alkateak azaldu du lurpeko hoditeria berritzerakoan “ezustekoak” izan direla, eta horrek proiektuan atzerapenak ekarriko dituela. “Udaletik erabaki behar genuen orain lanak bertan behera utzi eta irailean berriz ere hasi, edota orain lanekin jarraitu, irailean ikasturtea hasten denean eskolei eta bertako joan etorriei ahalik eta kalte gutxiena egiteko”, esan du Estitxu Urtizberea alkateordeak.
Udan zehar ere obrak egin daitezkeela uste dute, eta horregatik egindakoa mantenduko dute. Hala, uztailean ere lanekin jarraituko dute, baina abuztuan geldialdia egingo dute, langileen oporraldia dela eta. Azaroan bukatzea aurreikusi dute.
Egiluze eta Ama Guadalupe ikastetxeek ikasturtea abiatzen dutenerako (irailean) “aurrerapausoa nabaritu dadin” nahi du udalak, “eta proiektua bukatzeko azken urratsak gera daitezen soilik”.
Azken fase honetarako aurrekontua 930.505,22 eurokoa da, eta esku hartzeko epea sei hilabetekoa izango da. “Esandako arrazoiak direla eta, epeak ezin izango dira bete eta abuztuan langileen oporraldia dela kontutan izanik, udalaren asmoa azaroan bukatuta egotea da. Orain geratuko bagina, 2024ko otsailean bukatuko genuke obra”, erantsi du alkateordeak.