Kale igogailu berri bat, Geltoki kalean
Gaztainondo eta Geltoki kaleak batuko dituen 20 pertsonentzako igogailu bat eraikiko dute. Lanen aurrekontua 880.583,71 eurokoa da.
Bosgarren kale igogailu baten lanak hasiko ditu Irungo Udalak, Gaztainondo eta Geltoki kaleen artean kokatuko dena. Horretarako, 880.583,71 euroko aurrekontua erabiliko dute eta Obras Especiales e Infraestructuras SAU enpresa arduratuko da lanaz.
Cristina Laborda Obretako ordezkariak adierazi du “auzoan asko eskatu eta espero” duten baliabidea dela igogailua. “Irisgarritasun unibertsala” ahalbidetuko duela dio ordezkariak, eta “puntu beltz bat desagerraraziko” dela horrela ere ziur da. Igogailua handia izango da, 20 pertsona sartuko baitira.
Gaztainondo kaleko 5. zenbakiko etxebizitza eraikinaren fatxadarekin lerrokatuko dute igogailua, eta orain bertan dauden eskailerak, zabaldu egingo dituzte, “ikuseremua handitzeko”. Bestalde, etorkizuneko tren geltoki berria “garatzeko” ere urrats bat dela azaldu dute.
Bestalde, igogailua instalatzeko obrez gain, zoladura eta altzariak hobetu, espaloia zabaldu, eta, horretarako, ilarako aparkalekuak kenduko dituzte. Lan horiekin 2,80 metro zabal izango ditu espaloiak, eta bideak 4,65 metro inguruko zabalera. Zebrabideak egokitu egingo dituzte.