Dena prest Dies Oiassonis jaialdi erromatarrerako
Jaialdi erromatarrak Oiasso Museoa eta Irungo kaleak hartuko ditu hilaren 13tik 16ra, ostegunetik igandera. Berritasunekin egingo da XIII. ekitaldia.
Dies Oiassonis jaialdi erromatarrak Irungo kaleak hartuko ditu hilaren 13tik 16ra, ostegunetik igandera. Iragan erromatarra ardatz duen ospakizunak historia, aisialdia, entretenimendua eta gastronomia batzen dituela adierazi dute antolatzaileek, eta aurten, inoiz baino jende gehiagok parte hartuko duela iragarri dute. Jaialdi erromatarraren hamahirugarren ekitaldia izango da ostegunean hasiko dena eta ohiko formatua berreskuratuko duela jakinarazi dute.
Berrogeita hamar dira irundarrek eta bisitariek egun horietan topatuko dituzten jarduerak. Publiko guztiak aintzat hartu dituen programazioa ondu dute antolatzaileek, “eskaintza paregabea eskainiz”. Birsortze historiakoaren garrantzia azpimarratu dute, ‘Navigium Isidis’ ekitaldi nagusia eta Isis jainkosaren omenezko prozesioa nabarmenduz. Bi ekitaldi horiez gain, zirku erromatarraz, antzerki emanaldiez edota esperientzia gastronomikoez gozatu ahal izango dute Irunera bertaratzen direnek.
Jarduerak Oiasso Museoaren egoitzan eta Irungo kaleetan gauzatuko dira. Egitaraua martxan da jada, iragan ostiralean (hilak 7) hasi baitziren jarduerak. Alde batetik, ‘Pvro Teatro’ aldiko baterako erakusketa inauguratu zen Oiasso Museoan, azaroaren 19ra arte ikusgai egongo dena. Bestetik, ‘Erromatar Pintxoaren Ibilbidea’ jarduera ere abian da. Hogei ostalaritza establezimendutan zehar ibilbide gastronomiko bat proposatzen da, erromatar garaiko sukaldaritza proposamenak dastatzeko.
Berritasunak
Aurtengo Dies Oiassonis jaialdirako berritasunak sartu dituzte antolatzaileek. ‘Circus Maximus’ emanaldiak hiru saio izango ditu: bi larunbat gauean eta beste bat igande goizean. Larunbateko saioak 21:00etan eta 23:00etan izango dira, eta igandekoa, aldiz, 11:30ean. 650 lagunentzako tokia du ikuskizunak, eta iaz gaueko saio bakarra egin zen. ‘Circus Maximus’ emanaldiko sarrerek 5 euroko prezioa dute, eta Irungo Turismo Bulegoan, Oiasso Museoan edo San Juaneko Zirkuan eskuratu ahal izango dira. Txingudi Errugbi Taldeak ere bat egin du jaialdiarekin, eta ‘Harpastum’ pilota joko erromatarra egingo dute igandean, 18:00etan.
Aurten, gainera, ‘Convivium’ afari erromatarra itzuliko da ostiralean. San Juan plazan izango da, 21:30ean. Eguraldi txarra egingo balu, Santiagoko frontoian egingo da. Afariko txartelak Irungo Turismo Bulegoan eros daitezke, 30 euroko prezioan. Azkenik, sukaldari profesionalen eskutik, arrain zopa lehiaketa egingo da lehenbizikoz larunbatean, 11:00etan, San Juan plazan. Showcooking formatuan egingo dute, eta parte hartzeko sarrerak Irungo Turismo Bulegoan eskuratu behar dira, 5 euroko prezioan.