Bisita gidatu berri bat uda honetako ibilaldien programan
Bisita berriak Europako historia azalduko du Irundik, zazpi geldialdirekin, Etorbidearen zubitik Behobiako zubiraino. Horrez gain, ohiko bisitek jarraituko dute: hiriko ondarearena eta hirigune historikoarena eta udaletxearena.
Irungo Udaleko Hiri-bultzada arloak, Bidasoa Bizirik Garapen Agentziaren eskutik, bisita gidatuak antolatu ditu udarako. Aurreko urteetan bezala, ibilaldiak egingo dira hiriko ondarearen eta hirigune historikoan barrena, baita bisitak udaletxera ere. Aurten, baina, berritasun bat sartu dute: Irundik barrena ibiliz, Europako historia azaltzeko bisita.
Jarduera berriaren helburua da “herriko multzo historiko eta kultural osoa modu dinamiko, hurbil eta atseginean” azaltzea. Sei bisita gidatu antolatu dituzte uztailean eta abuztuan. Lehenengo bisita hilaren 20an izango da, eta azkena, aldiz, abuztuaren 24an. Bisita gidatu bat egingo da astero, ostegunero, 11:00etatik 13:00era. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira.
Europako historia azaltzeko bisitak zazpi geldialdi izango ditu. Ibilaldia Etorbidearen zubian hasiko da. Ondoren, Bidasoko Interpretazio Zentroan egingo da geldialdia. Bisitak Bidasoa ibaitik jarraituko du Karabineroen kuartel zaharrean barrena, Faisaien uhartera iritsi arte. Hurrengo geltokia Gazteluzar gaztelua izango da. Bertatik Aduanako eraikin zaharrera abiatuko da, eta Behobiako zubian bukatuko da.
Parte hartzeko aldez aurretik erreserba egin behar da Irungo Turismo Bulegoan, 943 02 07 32 telefono zenbakira dei eginez edo posta elektronikora idatzita. Talde bakoitzean gehienez 15 pertsonarentzako tokia egongo dela zehaztu dute.
Bisita gidatu berriaz gain, udalak gogorarazi du udaletxeko eta hirigune historikoko bisitak egiten jarraituko dutela. Hirigune historikoko bisitan Junkal eliza, Oiasso inguru erromatarra, Urdanibia plaza, udaletxearen kanpoaldea eta Ama Xantalen ermitaren kanpoaldea zeharkatzen dira. Hona hemen bisiten egutegi osoa:
Udaletxea
- Ibilbidea: Irungo udaletxearen barrualdea eta kanpoaldea.
- Data: Hilabete bakoitzeko azken larunbatean, azaroaren 25era arte.
- Hizkuntza: 11:00etan euskaraz eta 12:00etan gaztelaniaz.
- Iraupena: 50 minutu.
- Prezioa: Doan.
- Erreserba: Irungo Turismo Bulegoan, 943 02 07 32 edo posta elektronikoa.
Hiriko erdialdea: ondarea eta hirigune zaharra
- Ibilbidea: Junkal eliza, Oiasso inguru erromatarra, Urdanibia plaza, uudaletxearen kanpoaldea eta Ama Xantalen ermita.
- Data: Asteazkenero eta ostiralero abuztuaren 30era arte.
- Hizkuntza: Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
- Iraupena: 2 ordu.
- Prezioa: 3 euro. 12 urte arte, doan.
- Erreserba: Irungo Turismo Bulegoan, 943 02 07 32 edo posta elektronikoa.
Europako historia Irundik
- Ibilbidea: Etorbidearen zubia, Bidasoko Interpretazio Zentroa, Bidasoa ibaia, Faisaien uhartea, Gazteluzar gaztelua, Aduanako eraikina eta Behobiako zubia.
- Data: Ostegunero uztailaren 20tik abuztuaren 24ra arte.
- Hizkuntza: Uztailak 20 eta 27 eta abuztuak 10 eta 17, gaztelaniaz. Abuztuak 3 eta 24, euskaraz.
- Iraupena: 2 ordu, 11:00etatik 13:0e0ra.
- Prezioa: 3 euro. 12 urte arte, doan.
- Erreserba: Irungo Turismo Bulegoan, 943 02 07 32 edo posta elektronikoa.