Gatibuak memorian betikotzeko
‘Trabajadoreen’ memoria historikoa lantzen jarraitzen du Oiartzungo Kattin Txiki elkarteak. Arkalen zegoen barrakoi baten zatia berreraikitzen ari dira, haien bizimodua nolakoa zen erakusteko.
Oiartzungo hainbat errepide eginarazi zizkieten 1936ko Gerran gatibu hartu zituzten ehunka trabajadoreei. Altxamendu faxista egin zutenen kontra gerra galtzea garesti ordaindu zuten: Oarsoaldean 12.500 preso inguru aritu ziren bortxazko lanak egiten, 1939 eta 1942 urteen artean.
Hemezortzi batailoietan banatu zituzten langileak, eta baldintza guztiz kaskarretan mantendu zituzten.
Oiartzungo Kattin Txiki elkarteak urteak daramatza trabajadoreen memoria lantzen eta berreskuratzen. Orain beste urrats bat egingo dute: langile errepresaliatu haiek Arkalen zituzten barrakoietako bat berreraikitzen ari dira.
Kattin Txikiko Joxe Kruz Ezeiza Kaxka-k azaldu duenez, argazki zaharrak erabili zituzten barrakoi haiek non zeuden jakiteko. «Argazkietan ikusten denez, pabiloiak besterik ez ziren han. Orain dena basoa da, baina orduan soil-soila zen inguru hura; oso aldatua dago», azaldu du Kaxkak.
Arrasto gutxi geratzen zen Arkale inguruan, eta barrakoi izan zirenen zolaren bila hasi ziren argazki zaharretan, gutxi gorabeherako kokapena non zuten jakiteko.
Barrakoiak oso luzeak ziren, eta haien lagin bat eraikitzen ari dira
Bila hasi ziren, eta mendiaren kontra aurkitu zuten barrakoi baten zola zaharra. Zehazki, Toki Alai tabernako aparkalekutik gora doan bidean, bihurgune itxiaren ondoren doan zuhaitzen arteko bidexka batetik. Kaxkak deskribatu du: «Metro eskaseko pareta bat aurkitu genuen, tirada luzekoa. Inguruko etxeak eraiki behar zituztenean, hori dena kendu zuten, eta pareta oso gutxi geratu zen. Muestra polita aurkitu dugu, eta esaten digu zein norabidetan joaten ziren paretak. Bada zerbait».
Iñaki Pikabea Kattin Txiki elkarteko kideak gaineratu dizkio hainbat zehaztapen. «Gutxi edo gehiago, bagenekien non izango ziren pabiloiak. Horregatik, aurreneko eremua markatu genuen, eta gero aitzurrarekin ibili gara. Zolera topatu genuen horrela», esan du.
Menditik zetorren ezponda baten ondoan zegoen zolera hori, eta uste zuten zaborrez beteta egongo zela. Gero makina sartu zuten, inguru hura arakatzeko. «Kontu handiz egiteko eskatu genien, ez genuelako zolera hori hautsi nahi», gehitu du Pikabeak.
Arakatzen hasi zirenean aurkitu zuten pareta zaharra: «Pareta zati horrek ematen zigun zein zen pareta horren luzera; pusketa horren arabera eraikiko dugu pabiloiaren zatitxoa». Ez dute pabiloiaren erreplika zehatzik egingo, ehunka metro luze baitzuten; Kattin Txikik egingo duen laginak hogei metro koadro pasatxo besterik ez ditu izango. «Ahal den antza handienarekin» eraikiko dute trabajadoreak oroituko dituen eraikina.
«Garai hartako objektuak sartuko ditugu, baina baita orduko argazki batzuk ere, ikusteko nolakoak ziren barrakoi haiek, eta mendi ingurua», azaldu du Kaxkak. Behin betiko erakusketa antzeko bat izango da, orduan gertatu zena interpretatzen laguntzeko emango den materiala izango da bertan, Kattin Txikikoek azaldu dutenez.
Epe luzera begira, informazio panelak jarri nahi dituzte, Arkale inguruan —gorago eta beherago— zer dagoen azaltzeko. «Aitortza egiteko modu bat da», esan du Kaxkak.
Errepideak egitera behartuta
Oiartzunen hiru lekutan izan ziren trabajadoreak. Alde batetik, Babilonia esaten zitzaion eremuan, Gurutzetik Irunera doan bidean —Pikoketara joaten dena, zehazki—.
Bestea, Aritxulegin, gaur egun Arritxulo aterpea dagoen tokiaren inguruan. Aritxulegiko errepidea eraikitzeko lanak izan ziren Euskal Herrian trabajadore gehien mugiarazi zituztenak. Ikerketen arabera, 4.000 bat langile bortxapean aritu ziren 22 kilometroko errepidea eta harkaitzetan zulatutako tunela egiten.
Gipuzkoako eta Nafarroako aldeetatik zulatu zuten mendia; «gehienak toledotarrak» zirela nabarmendu du Pikabeak.
Bestea Arkaleko gunea zen. Kaxkak ñabardura bat egin nahi izan du. Izan ere, bere esanetan, askok nahastu egiten dute Arkaleko oinetan zeuden trabajadoreen eremua eta beherago zeuden soldaduena; infanteria eta ingeniariena, hain zuzen ere.
Arkalen bortxazko lanetan aritu zirenek Gurutze eta Lanbarren lotzen dituen errepidea egin behar izan zuten, 3,5 kilometrokoa. Horrez gain, Arkale goraino doan bide bat ere eraiki zuten, eta tunel bat ere zulatu behar izan zuten, Irungo lurretaraino iristen zena.
Tunel hori balizko altxamendu militar berri baterako edo II. Mundu Gerrako aliatuek Bidasoa ibaiaren balizko zeharkatze bati aurre egiteko zen. «Han daude, ikusi nahi dituenarentzako», gonbita egin du Kaxkak.
Barrakoiaren eskala txikiko erreplikaren lanak Oiartzungo Udalak esleitu ditu; Alzola eraikuntza enpresa ari da lanean. Eraikinaren xehetasunak eman dituzte Kattin Txikikoek. «Barrakoierako sarrerak, berez, errepide aldera zeuden, baina guk beste alde batera egingo dugu. Hegoaldera ate bat izango du, baina itxita egongo da, ezin baikara denbora guztian bertan egon», esan du Pikabeak.
Barrakoiak hesi bat izango du kanpotik behatu ahal izateko —Pasai Donibaneko Piedadearen antzeko zerbait—. Argazkiak jarriko dituzte, eremua nolakoa zen erakusteko. Kattin Txikiko Txema Gaztelumendik aurkitu zituen, eta elkartekoak eurak «harrituta» geratu ziren zein argi ikusten ziren pabiloiak eta trabajadoreak.
Gainera, barrakoien barrenak nolakoak ziren erakusteko objektuak ere izango dira. «Ea antolatzen ditugun ahalik eta modurik egokienean», adierazi du Pikabeak. Materialari dagokionez, «zaila» omen da orduko gauzak aurkitzea, baina ari dira horretan lanean. Pabiloi originalek zuten teilatua imitatzerakoan ere oztopoak izan dituzte, baina aurrera doa.
Erakusketa antzeko bat egin nahi dute argazki eta garaiko objektuekin
Kattin Txikikoek interpretazio gunea zabalagoa eta argitsuagoa nahiko zuketen, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ez die horretarako baimenik eman, duela zortzi hamarkada ez bezala, ingurua zuhaitzez josita baitago. «Horrenbesteko metro izateko esan ziguten, eta guk bete egin behar dugu», esan du Kaxkak.
Oraindik ez dakite noiz bukatuko dituzten lanak, baina aitortu dute badutela «ilusioa» lan horiek bukatuta ikusteko.
Hautetsi errepresaliatuak gogoan
Hilaren 27an beteko dira 87 urte tropa frankistak Oiartzunen sartu zirela. Kaxkak gogorarazi duenez, hura ikusi zutenen testigantzak jaso zituzten duela hainbat urte, artean bizirik zeudenean. Faxistak Batzokira joan, masta hautsi eta ikurrinak atera zituzten plaza erdira.
Udaletxean zegoen materialarekin, su bat piztu zuten plazaren erdian. Udal eraikineko ikurrina salbatu zela nabarmendu du Kaxkak, mutil batek hartu eta etxean gordeta. 40 urteren ondoren, ikurrina legeztatzean, udaletxetik zintzilik jarri zuten berbera izan zela jakinarazi du.
Hala ere, errepresioaren kolpe gogorrena jasan zituztenen artean udaleko ordezkariak zeuden. Alkatea eta zazpi zinegotzi —guztiak jeltzaleak— atxilotu zituzten, eta Leoncio Aranburu eta Manuel Irigoien hil zituzten. Kattin Txikik iragarri duenez, hilaren 27an pankarta jarriko du udaletxetik zintzilik, haiek gogorarazteko.
Trabajadoreen kasuan bezala, oroitzen dena ez delako ahanzturaren harraskatik joaten.