Nagore Laffage Casasola oroituko dute ostiral honetan Irunen
M8 Asanblada Feministak egin du elkartzeko deia irundarraren hilketaren 15. urtemugan. Nagore Laffage parkean da hitzordua, 20:00etan.
Duela 15 urte erail zuen Diego Yllanesek Nagore Laffage irundarra Iruñeko sanferminetan, emakumeak gizonarekin erlazio sexualak eduki nahi ez zituelako. Ordutik, urtero oroitzen dute Laffage Iruñeko Astelehen Lilakoek bultzatuta, eta Irunen ere hainbat omenaldi egin izan dira. Horietan guztietan Asun Casasola, biktimaren ama egon izan da.
Bide horretan, M8 Asanblada Feministak ostiral honetarako (hilak 7a da) elkartzeko deia egin du, Nagore Laffage parkean, 20:00etan. Bertaratuko direnei, lore bat eramateko eskatu diete.
Deialdian asanbleak salatu du 15 urte hauetan “terrorismo matxistak” etengabe kolpatzen segitu duela, “ehunka izen batzen zaizkio Nagoreri urtero, umezurtz eta familia suntsituak utziz”. Azken hilabete eta erdian Euskal Herrian lau emakume izan dira erailak: Lourdes del Hoyo, Maialen Mazon, Zhen Jiang, eta Maria Begoña [abizenik ez da jaso].
Gizarteak “zor handia” duela ordaintzeko emakume horiekin dio asanbladak. Horretarako, neurri eraginkorrak eskatu dituzte “gure gizartean ezarritako sistema patriarkalak behin eta betiko emakumeok jasaten ditugun indarkerien jazarpen mota guztiak etengabe salatzeko, haien ahotsa eta oihua garelako”. Azkenik, antolatzaileek diote borrokan segituko dutela, “bai gu eta bai Irunek ahazten ez zaitugulako”.