Bidasoaren ertzak begiratoki berri bat du
Egoteko leku bat sortu da, Bidasoa aldeko begiratoki gisa, Azken Portuko pasealekuarekin komunikatuta dagoena. Bidasoa ibaiaren bazterra lehengoratzeko lanen barruko jarduketa da honakoa.
Irungo Udalak Bidasoa ibaiaren bazterra lehengoratzeko azken aurrerapenen berri eman du. Zehazki, bi dira gauzatuko diren jarduketak, «funtsezkoak» biak ala biak, Azken Portu parean Juan Thalamas Labandibar kalean ibai bazterra hobetzen jarraitzeko: Vertiz Ford ondoan zegoen eraikina eraistea eta ondoko partzelan begiratokia sortzea.
Begiratokiari dagokionez, asteartean ireki zen. Partzela horretan erabili den irtenbidea egoteko leku berri bat sortzea izan da, Bidasoa aldeko begiratoki gisa, Azken Portu pasealekuarekin komunikatuta. 110.000 metro koadroko plataforma bat instalatu da, oholtza teknikoz osatuta. Begiratokian hiri altzariak jarri dira, hala nola, material birziklatuarekin egindako eserlekuak, etzaulkiak, informazio panel bat, zakarrontziak eta bizikletak aparkatzeko gune bat. Guneari tratamendu bat emango zaio soropil bat sortzeko, eta heskaiak jarriko dira bi pantaila osatzeko, hau da, egonlekua eta Azken Portuko pasealekua bereizteko.
Proiektuak 78.733,04 euroko aurrekontua izan du, eta bi hilabeteko epean gauzatu da. Enpresa esleipenduna 4 Badia Mantentze Zerbitzuak izan da. Udalak zehaztu du jarduketa “behin-behinekoa” dela Azken Portuko oinezkoen pasealekuaren eta bidegorriaren bigarren fasea gauzatu arte.
Bestalde, asteak daramatzate Vertiz Ford zegoen eraikina barrualdetik eraisteko lanak egiten, kontzesionarioa hiriko beste leku batera lekualdatu baitzen. Egun gutxi barru hasiko dira eraikina kanpoaldetik eraisten. Lan horiek egiteko epea lau hilabetekoa da, eta aurrekontua, aldiz, 99.035,73 eurokoa. Enpresa esleipenduna Tximistxharri da.
Udal erakundeak jakinarazi du estatuak konpromisoa hartu zuela Artiako ubidea birnaturalizatzeko lanak egiteko. Aipatutako bi jarduketek Bidasoa ibaiaren bazterra lehengoratzen bukatzeko balioko dutela gaineratu dute.