EuskoTren eta EuskoLabel ligetako lehen estropada, bertan behera
Itsasoaren egoera txarrarengatik hartu du erabakia ACT elkartearen batzorde teknikoak.
Galizian zuten gaur lehen hitzordua EuskoTren eta EuskoLabel ligetako arraunlariek, Coruñako Banderan, zehazki. 17:30ean zegoen aurreikusia hasiera ordua, baina bertan behera utzi dituzte bi ligetako estropadak itsasoaren egoeragatik. Hibaika (emakumeak) eta Hondarribiaren (emakume eta gizonak) beraz, lehorrean gelditu dira.
Itsasoaren egoera txarrak eraman du erabakia hartzera ACTren batzorde teknikoa, lehendakaria den Benigno Silvak azaldu duen moduan. Olatuen arteko tarte txikia, horien tamaina eta erresaka handia aipatu ditu Silvak, horiek guztiak kontuan hartuta uretaratzea “arrisku handiegia” hartzea litzatekeela esan du. Tripulazioen ontziratzea “oso zaila eta arriskutsua” litzateke haren hitzetan. Penatuta azaldu da, baina hartu duten erabakia “egokiena” izan dela sinistuta.
Horrenbestez, gaurko saioak bertan behera utzita, biharko egunari begira jarri dira ACTkoak, baita Galiziara lehiatzera joandako arraun taldeak ere. Biharko estropadak, 11:30ean hastea aurreikusia dago, dena ondo bidean.