[Argazkiak] Urdanibia plaza txiki utzi dute
Irundar mordoa bertaratu da Urdanibia plazara goiz goizetik bertako giroaz gozatzera.
Lepo. Hala zegoen goiz partean Urdanibia plaza. Irundar zein kanpotik heldutako jende ugari bildu da plazara bertan zegoen euskal giroarekin gozatzera. 08:00etarako ziren bertan ganadu lehiaketan parte hartu duten haziendak. Ez da harritzekoa, ile-apaindegi saio eta guzti igaro dutelako abereek: ilea moztu, garbitu, lehortu… eta hala eraman dituzte epaile aurrera, apain garbi eta dotore. Horri erreparatuko zion noski, baina batez ere berezko ezaugarriak izan ditu kontuan irabazleak aukeratzeko garaian, bertaratutako herritar mordoaren begiradapean.
Ilara luzea ere gazta eta ezti salmentarako postuaren aurrean, trikitilarien doinuek alaitutako plazan. Haien lekukoa bertsolariek hartu dute 11:30ean puntuan. Dotore aritu dira Amets Arzallus, Alaia Martin, Anjel Mari Peñagarikano, eta Aitor Mendiluze oholtza gainean, eta euren artean xaxatu ez ezik, herri kirol saioari ekiteko prestaketetan ari ziren aizkolari eta harri jasotzaileei ere dedikatu dizkiete errimak.
12:00etan hasi dute herri kiroletako erakustaldia. Aizkolariak aritu dira lehenik, eta ondoren harri jasotzaileak. Ordura arte azaldu gabeko euriak, jaiarekin bat egin nahi izan du orduan. Erakustaldiarekin batera heldu dira lehen tantak, ez dira baina horregatik kikildu plazara bildutakoak. Aurreko guztiak, Irungo Euskal Kirolak elkarteak antolatu ditu.
Arratsaldean hitzordu garrantzitsua plazan bertan, Meakako Adixkideak dantza taldearen eskutik: Fandango eta Arin arin lehiaketaren 32. ekitaldia jokatuko dute. Ordu berean, baina Uranzu pilotalekuan, esku pilota profesionalarekin gozatzeko aukera izango da.
Gauez, su artifizialak helduko dira Donostia kalean 22:45ean, eta 23:15ean berriz, Bakarrizketa jaialdia izango da Zabaltza Plazan Nerea Garmendia eta Miguel Lagorekin; aurkezle lanetan, Asier Burguete ariko da.