[Bideoa] Egun handia Irunen
Ilusioa, gogoa eta aldarria. Alardea hasi aurretik bildu dira parekideko hamabi konpainiak Urdanibia plazan. Emozioa nagusi.
Alarde parekideko konpainiak hasi dira Urdanibia plazara iristen. Aurten, gainera, bat gehiago: San Migel auzokoa erantsi zaie orain artekoei. Ekainaren 30a da gaurkoa, San Martzial Eguna. Egun handia Irunen. Alarde parekideak 27.enez egingo du desfilea Irundik, 10:20an hasita. 2.000 kideko jai eta aldarri desfilea izango da.
Giro ederra Urdanibian. Gozoa. Jaietako ekitaldi nagusienaz gozatu nahi duten emakume eta gizonak pozarren, harro iristen ari dira plazara. Konpainia guztiak ari dira ohorez sartzen Moskura, herritarren eta gainerako konpainietako kideen txalo eta oihu artean. 1998an desfilatzen hasi zenetik, ibilbide luzea egin du jai parekideen alde Alarde Publikoak. Aurten “belaunaldi berrien” eta “ongietorrien” urtea dela nabarmendu du Maite Bergara jeneralak. Gaur parte hartzaileen gehiengo batek ez ditu 25 urte, eta mando asko berriak dira.
Jarraian, plazako giroaren irudiak alardea hasi aurretik. 10:20an egingo du arrankada parekideak.