Alderdi politiko guztietako ordezkariek, alkateak barne, egin diote harrera alarde ez baztertzaileari
Irungo alkateak lehenengoz egin dio harrera alarde parekideari. Gainera, EAJko eta PPko udal hautetsiak ere izan dira udaletxeko balkoian. EH Bildukoek eta Elkarrekin Podemosekoek euren usadioari jarraitu diote: han izan dira beste behin.
Alarde parekidearentzat egun historikoa gaurkoa. Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariek egin diote harrera alarde ez baztertzaileari. Lehenengoz, beraz, Jose Antonio Santano alkateak jaso du Alarde Publikoa, harekin EAJko, PPko, eta beti egin bezala EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko hautetsiak zirela. Alkatearekin batera PSE-EEko hainbat gobernukide izan dira harreran. Horiez gain, hainbat erakundetako ordezkariak ere izan dira.
Honakoa, arrankadako bideoa da.
Hiriko bandera, ordea, EH Bilduko zinegotzi Oihana Brionesek eman dio Bidasoa konpainiako buruari, Iker Monterori. Banderaren gaian atzera urratsa egin da, beraz. Izan ere, gobernu ardurarik ez duen hautetsi batek eman dio hiriko ikurra alarde ez baztertzaileari, Irungo Udaleko agintean PSE-EE baitago. Iaz, Miren Etxebesteren eskutik jaso zuen parekideak bandera; orduan Berdintasun zinegotzi zen Etxebeste. Edonola ere, ohorez eman du esanahiz betetako oihala Brionesek, eta harro jaso du Bidasoa konpainiako buruak, parekidetasunaren alde dauden guztien izenean. “Gora Irun! Gora San Martzial! Gora Bidasoa! Gora emakumeak alardean”, oihukatu du, txalo zaparrada eta irrintzi artean, Iker Monterok.