Ongietorrien alardea izango da aurtengoa
Alarde parekideak belaunaldi berriei, aurten pausoa eman dutenei eta San Migel konpainia berriari ongietorria egin die. Guztiak bilduko dira biharko desfilean.
Bihar, hilak 30, San Martzial eguna ospatuko da Irunen. Egun handia da irundarrentzat, alardearen desfileak hiriko kaleak hartuko baititu. Atzo arratsaldean alarde publikoko kantineren aurkezpena egin zen, eta alarde parekideak ongietorrien urtea dela zehaztu du. Alde batetik, alardera lehenengoz batzen diren gazteen belaunaldi berriari egin dio ongietorria. Arropa erosteko, entseguetara joateko eta arma ikustaldia ezagutzeko “ilusioa” dutela nabarmendu dute alarde parekideko kideek; baina batez ere, San Martzial eguna “bizi-bizi” sentituko dutela aitortu dute. “Une ahaztezin horiek gogoan iltzatuta geratuko zaizkie”, esan dute.
Bestalde, arrazoi bat edo beste tarteko, “urtetik urtera gerotik gerora ibili ondoren” berriro atzeratu gabe aurten pausoa eman dutenei ongietorria egin diete, “ez baitute inoiz atzera egingo”. “Sinesten duten” alardearekin bat egin dutela esan diete: “Betidanik ezagutu ez ezik, integratzailea ere bada, desberdintasuna errespetatzen eta berdintasuna bermatzen duelako”.
Azkenik, aurten formazio berri batek desfilatuko duela gogorarazi du alarde parekideak: San Migel konpainia. Haiei ere ongietorria egin diete. Oroitarazi dute duela urtebete San Migel auzoko emakume eta gizon batzuek konpainia sortzeko “asmo sendoa” plazaratu zutela. Urtebetez “lana gogotik” egin ondoren, “ametsa egi bihurtu” dutela baietsi du alarde parekideak. “Aurten beste bat gehiago gara!”, esan dute harro.