Tourrean, Irungo errepideak ikurrinez josita nahi ditu Gure Eskuk
Ikurrinak banatzeko hiru egun adostu ditu Irungo Gure Eskuk. Herritarrei errepideetara ateratzeko eskatu diete.
Uztailaren 1etik 5era izango da Frantziako Tourra Euskal Herrian. Irundik, zehazki, uztailaren 2koak eta 3koak pasatuko dira. Horri begira, Euskal Herri osoan egin bezala, Irungo Gure Eskuk errepidera ikurrinekin atera daitezela eskatu die herritarrei, “Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herria dela eta gure etorkizuna libre erabaki nahi dugula adieraziko dugu”. Hala, ikurrinak behar dituztenei, Irunen bertan horiek eskuratzeko hiru aukeraren berri eman dute (behean daude). Euskal herriak erabaki. Basques decide leloa izango dute inprimatuta ikurrina horiek.
Hemen, horiek erosteko egunak:
- Uztailaren 1ean, 11:00etatik 13:00etara, Urdanibia plazan.
- Uztailaren 2an, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, Erletxeko lokalean (Kale Nagusian).
- Uztailaren 3an, Santiagoko frontoian eta zubian 12:00etatik aurrera.
Izan ere, uztailaren 3an Bidasoan iniziatiba berezia antolatu du Gure Eskuk. “Bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrikapen ugari dituen herria garela erakutsi nahi dugu”. Egun horretan, Gipuzkoatik Lapurdira pasako da Tourra, “Tourreko antolatzaileentzat Bidasoan amaitzen da Espainiako zatia eta Frantziara sartuko da. Guretzat dena da Euskal Herria, Bidasoa ez da muga, zubia baizik. Herri honen jarraipena irudikatuko dugu bertan”. 12:00etan, Santiagoko frontoian egin dute geldialdia, handik Santiago zubiraino kalejiran joateko: tartean Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango dira, nahiz erraldoi eta buruhandiak.
Horrez gain, arlo nazionaleko hainbat jarduera antolatu ditu Gure Eskuk. Bideoan, azalpenak.