Parte hartzea handia izan da, eta jokalarien squash gaitasunak, bikainak. Hala ere, udalarekin gatazkan jarraitzen dutela baietsi du klubak, eta beren espazioa eta beste klubekiko begirune bera aldarrikatzen dituzte.
Asteburuan Lur Alai Squash Klubak antolatzen duen San Martzial Squash Sariaren IX. ekitaldia lehiatu zen Artaleku kiroldegian. Orotara, 36 partaide izan dira Irunen: 14 gizon, 12 emakume eta 10 junior. Lur Alaik jakinarazi du jokalari gazte askok hartu dutela parte txapelketan, eta “squashak Irunen eraiki duen oinarria” azaleratzen dela adierazi dute.
San Martzial saria ostiral arratsaldean hasi zen gizonen lehen partidekin. Txapelketak larunbat goizean izan zuen jarraipena emakumeen eta juniorren neurketekin, eta hiru mailen finalak 13:00ean jokatu ziren Artalekuko pistetan.
Gizonen mailan Iñaki Garcia lasartearra gailendu zen Juanma Beloki nafarra gainditu ondoren. Honakoa du Garciak San Martzial sariko bigarren txapela. Emakumeetan Elise Dulac hendaiarra nagusitu zen Silvia Amaro irundarraren aurka. Juniorretan, aldiz, Unax Mariezkurrena irundarrak jantzi zuen txapela finalean Jokin Martikorena hendaiarrari irabazi ondoren. Honakoa da Mariezkurrenak lortzen duen bigarren txapela.
Squash klubak nesken eta juniorren parte hartze kopurua nabarmendu du, azken txapelketan baino neska eta junior gehiagok jokatu baitzuten. Horrez gain, jokalari berrien jarrerak eta squashean jokatzeko gaitasunak goraipatu ditu Lur Alaik. Klubak zehaztu du nesken eta juniorren taldeak handitzeko “aukera polita” suertatu dela San Martzial Squash Sariagatik.
Datorren denboraldiari begira, klubak aitortu du jokalari berri gehienek squash eskolan eta entrenamendu taldeetan izena emateko asmoak plazaratu dituztela. Hala ere, Irungo Udalak itxitako pistengatik, “tamalez” eskaintza handitzeko aukerarik izango ez dutela jakinarazi du klubak atsekabez: “Diru laguntzak gutxituz doaz, besteetan igotzen diren bitartean. Espero dugu erabaki arbitrario bat ez izatea eta guri zigortzeko neurriak ez izatea. Hala ere, egoera harrigarria eta kezkagarria da”.
“Gatazka kolektiboak” eta udaleko kirol zinegotziak “era pertsonalean hartu duen jarrera arduragabeak” squashari “zuzenean” eraso egiten diola nabarmendu du Lur Alaik. Kluba, gainera, harago joan da: “Kargua handiegia datorkiola uste dugu, eta gure klubeko jokalari eta gainontzeko squash erabiltzaileen aldetik bere dimisioa eskatzen dugu. Kargu publiko batek ezin du kolektiborik baztertu, are gutxiago kirol gutxitu bat berreskuratzen ari den elkarte batekin, gazteen eta emakumeen parte hartzea sustatzen eta lortzen ari garenean. Murrizketak jasaten ari garen klub bakarra gara hiri honetan. Genituen pistak besterik ez ditugu eskatzen”.