[Bideoa eta argazki galeria] Koadrila Egun gazi-gozoa
Zarata egin dute bertaratutakoek, udalak bazkaria antolatzeko aurrekontua nabarmen jaitsi duela salatzeko (%16 gutxiago). Gainera, pabiloi bateko gazte guztiak bota dituzte bazkaria bukatu aurretik, janaria botatzen zebiltzalako eta langileek ezin zutelako lan egin.

Koadrila Eguna da gaur Irunen eta herri bazkaria egin dute Ficoban. Antolakuntza gazi-gozoa izan da Betti Gottirentzat, “udalak lehengo urtean egun hau antolatzea kostatzen duenaren aurrekontu osoaren %38 eman zigun, eta aurten %22”. Betti Gottik %78 jarri du, beraz.
Aurrekontua urtez urte “behera” doala azaldu du Betti Gottik, eta hori salatzeko buila egin dute bazkaria aurretik, “udalak entzun dezan, ez iseka moduan. Mesedez, prekarietate gutxiago izan dezagun eta gauzak hobe antolatzeko modu bat kontutan har dezan”.
Horrez gain, aurten lehen aldiz segurtasun enpresa bat kontratatu du udalak, eta bazkarira sartzeko zorrotz aritu dira langile zein herritarrekin. Gainera, gazteenak zeuden pabiloiko gazteak bota egin dituzte segurtasunekoek deserta zerbitzatu baino lehen, janaria eta ura botatzen ari baitziren, eta bertako zerbitzari eta kazetariok zailtasunak izan ditugu lan egiteko, besteak beste.
Helduenak zeuden pabiloiko giroa bestelakoa zen. Bazkal orduan giro ederra zegoen, eta bazkalondoan abesten jarri dira batzuk. Gero, 16:00etan, musika pintxada eta Burrunbaren kontzertua hasi dira, eta horretara joateko herritar guztientzat ateak zabalik utzi dute.
Guztira 1.700 pertsona elkartu dira. Ondoko bideoan, gazteenen pabiloiko giroa ikusi ahal da.















































