Ortzadarrak askeago egin dezan dirdira
LGTBIQ+ pertsonen bizimodua hobetzeko urrats ugari egin dituzte elkarren eskutik sexu askapenerako kolektiboak eta udalak. Bidea oraindik luzea bada ere, udalerria askeagoa den zalantzarik ez da.
Urratsez urrats, handia da Errenteria-Oreretako LGTBIQ+ kolektiboko herritarren bizitzak hobetzeko egiten ari diren bidea. Horretarako, eskutik ari dira LGTBIQ+ kolektiboko kideak eta udala bidea urratzen, eta hainbat neurri eta politika inplementatu dituzte sexu, genero, eta identitate aniztasuna aske bizitzeko aukera bermatze aldera. Argi dago, halere, oraindik orain aurretik bide luzea dutela sexu askatasun beteko udalerri bihurtzeko. Egindako ibilbideaz, eta aurrean dituzten erronkez, hitz egin dute Imanol Miner LGTBIQ+ kolektiboko kideak eta Iñaki Queralt LGTBI+ Politiken zinegotzi eta kolektiboko kideak.
Orain lau urte abiatu zuten bidea. 2019an heldu zen udalerriko LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen gaineko diagnostikoa. Eragin nahi bazuten, ezinbestekoa zen protagonistekin beraiekin udalerriaren argazkia osatzea, ekiteko ondoren. Hilabete gutxira jarri zuten martxan LGTBI+ Mahaia, eta 2019an ere, Iztieta auzoan Vicente Vadillo Santamaria Francis-en omenezko ortzadar zebrabidea azkenekoz margotu zuten, hura gogorarazteko oroigarria Patxiku Zelaiatik zebrabide ondora eramanda.
Bidea eskutik urratzen ari direla ukatu gabe, herritarrak izan direla udala interpelatu dutenak jarri du balioan Minerrek, «eta udalak ardurak hartu ditu». Mikel Martin Conde martxoan hil zen ekintzailea jarri du erdigunean. Argi esan du Martin izan zela «guztia mugitu zuena» gaurko agertoki, perfektua ez, baina abegikorragoa gutxienez, erdiesteko, «atea jo zuen udalean, eta udalak heldu zion erronkari».
Martxan lau urtez izan den mahaia aurretik sakabanatuta zebilen kolektiboko pertsonen «konfluentzia» izan da Minerren esanetan. Hiru egiteko jarri zizkioten mahaiari, bikain bete dituenak: «LGTBIQ+ politika publikoak martxan jartzeko instituzioa akonpainatzea zegokigun batetik; LGTBIQ+ pertsonen zaintza eta harrera egitea bestetik; eta kultur agendaren barruan kolektiboarekiko sentsiblea zen plaza bat sortzea azkenik, dagoeneko zeudenak indartuz eta berriak sortzeko beste eragileekin konplizitateak landuz».
Bien bitartean udala bazihoala bidea egiten esan du Queraltek. «Udal politikak diseinatzen ari ginen, eta lehentasuna, ekintza plana osatzea izan zen. Horretan jardun dugu. Udaleko arlo guztietako teknikariek hartu dute parte, transbertsala izan da lanketa». Iazko maiatzean heldu zen ekintza plana.
«Sufrimendu kolektibo batetik gatoz,
eta irtenbideak ere kolektiboa behar du»Imanol Miner, LGTBIq+ Kolektiboko kidea
Bata bestearen atzetik joan direla esan dute biek, «ez zegoen hala planifikatuta, baina ekintzak egin ahala, egindakoek erakutsi digute bidea». Tartean zailtasunak ere izan dituzte, «gabeziak» Queraltek esan duenez: «Udal egituratik kanpo ez dago LGTBIQ+ politikarik; udalok, finean, ez dugu tresna juridikorik, ez dugu heldulekurik berme juridiko eta instituzionala emateko garatutako politikei». Horren aurrean, leiho berri bat zabaldu zuen udalak, marko propioa sortuta Berdintasun arloaren barruan: «Berdintasun plana garatu behar da, prozedura jakinak ditu, araudi bat dago eta agindupean daude iniziatiba eta proiektu guztiak. Hori horrela, gure hautu politikoa izan da Berdintasun arloan kokatzea LGTBIQ+ politiken ekintza planaren barrukoen garapena, transfeministak garenok erabat uztargarria dela ulertzen dugulako».
Ekintza plana, bide orri
Marko juridikoa jarrita, ekintza planak ezarriko dio udalari orain bide orria. Horren erakusle, agintaldia bukatu aurretik, ekintza nagusietako batzuk martxan jarri zituen udalak. Horren barruan kokatu du LGTBI+ Kontseiluaren sorrera; une honetan estatutuak sortuta daude, eta irail-urri artean deialdia egingo dute parte hartu nahi duen orok izena emateko. Itxaropentsu dago Queralt: «Ea lortzen dugun jende ahalik eta gehienak eta anitzenak parte hartzea».
Aldarrikapen historikoa zela udalak «berariazko kontseilua» sortzea gaineratu du Minerrek: «Hizkuntza politiketako, berdintasuneko edota hirigintzako kontseilua dagoen bezala, LGTBIQ+ kontseilua ere beharrezkoa da». Halaber, inguruan «aitzindaria» den ahalduntze espazioa sortu eta martxan jarri du udalak. Apirilean izan zen hori, eta sei interbentzio egin ditu.
Mahaiak, bestalde, Francisaldia egitea planteatu zuen iaz, lehenengoz, kulturan espazioak irabazte aldera: udalak horri ere erantzun zion. LGTBIfobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna —maiatzak 17—, Vicente Vadillo Francis-en erailketaren urteurrena —ekainak 10— eta Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna —ekainak 28— barnebiltzen dituen zikloa da Francisaldia.
Azkenik, udalak bi urtean behin deitzen duen Koldo Mitxelena bekak LGTBIQ+ gaia izan du ardatz. Iaz deitu zuten beka, eta Kuir Artxibo Bizia osatzeko proposamenak irabazi: «Oarsoaldeko LGTBIQ+ memoria transmisioa eskuragarri egongo da uneoro artxibo bizi horretan, formatu digitalean».
LGTBI+ Politiken azpisaila
Beste «mugarri» bati aipamen egin dio Queraltek. Agintaldi berria hasitako egunean bertan —hilaren 17an egin zuten kargu hartze saioa—jarri zuten martxan LGTBI+ Politiken azpisaila Errenteriako Udalean: «Euskal Herrian dakidanez ez dago beste udalik saila duenik. Mugarria da, beraz». Instituzio gisa lau urte hauetan egindako bideak zer suposatu duen galdetuta ez du zalantzarik: «Zirraraz bizi dut LGTBIQ+ azpisaila, eta LGTBIQ+ Kontseiluaren sorrera. Udal egituran txertatu ditugu LGTBIQ+ politikak, errekonozimendu osoz eta beste arloen pareko. Kristoren aurrera pausua da, eta aurrerantzean berme osoz gauzatuko dira politikak. Lorpen itzela da».
Kolektiboaren ikuspegitik ere lorpena dela dio Minerrek, «akuilua» herri mugimendua izan dela nabarmenduta berriro, «aldarrikapen historikoa izan da udal politikek LGTBI+ politikak propio gisa bereganatzea». Belaunaldi berriei egin die tartea ondoren: «Ahots gehiago sortzen ari direla ikustea ere pozgarria da, itxaropen handiarekin bizi dugu; gazteak haize berria, odol berria dira, lotsagabe eta gauzak gordin esanez datoz, eta horren premia handia dago. Ahots kritikoak dira, begirada berriak, autoeraketa molde berrietan datozenak. Jarduera instituzionalean horiek ere eragin dezaten gustatuko litzaiguke».
«Euskal Herrian, nik dakidala, ez dago beste udalik LGTBI+ Saila duenik. Mugarria da»
Iñaki Queralt, LGTBIQ+ Politiken zinegotzia
LGTBI+ Kontseilua sortuta, bertan behera gelditu da mahaia. Minerrek ezagutza sortu zein partekatzeko espazioa izan dela baietsi du, «oso aberasgarria izan da parte hartu dugunontzat, luxua». Zailtasunak zailtasun, aurrera egin dutela nabarmendu du Queraltek: «Bidea ez da izan lasaia uneoro, arantzak ere izan dira, baina gainditu ditugu, arrakastaz gainera. Ni politikan ari naiz, baina aktibista ere banaiz, eta bi paperak uztartzea ez da erraza izan».
Behin eta berriz egin diote erreferentzia Mikel Martini Minerrek eta Queraltek. «Ezinbesteko akuilu izan da borroka honetan hil zen arte, lanak eginda joan da, eta hori islatzea garrantzitsua da». Memoria atxiki duena Martin izan dela gaineratu du Minerrek. «Honen guztiaren traktore izan da, iraganaren, orain egitea tokatzen zenaren eta etorkizunaren arteko zubia bera izan da. Francisen memoria bizirik berak mantendu du, berari esker atxiki da memoriaren sugar hori piztuta 44 urtean».
Lau urteko bidearen «uzta, oparoa» dela aitortuta, zoritxarrez, gizarteak «homofoboa» izaten jarraitzen duela gogorarazi dute biek: «Hetero arauan ardaztuta jarraitzen du, patriarkatuan eta neoliberalismoan oinarritua. Atzetik datozenak oso garai gordinak bizitzen ari dira». Galdera bat luzatu du Minerrek, hausnarketaren bide: «Udal politikek lagunduko dute gauzak errazten, zalantzarik gabe. Baina gizartea hobeagoa al da? Errazagoa dute benetan belaunaldi gazteek? Bizitzako beste arlo askotan zaila dute, prekarietatea da adibide». Bistatik galdu ezin den aspektua da hori sexu askapenaren aldeko ekintzailearentzat: «Ez dugu bistatik galdu behar sufrimendu kolektibo batetik gatozela, eta irtenbideak ere kolektiboa behar duela». Botere korporatibo handiak ere izan ditu hizpide, sinistuta baitago LGTBIQ+ gaia «instrumentalizatu eta erabiltzen» ari direla, «benetan dakigunean ez zaiela berdintasunaren etika axola, gizarte justuago bat bost axola zaiela, haiek direlako sufrimenduaren, gehiegikeriaren, kategorizazioen eta ezberdinkerien eragile nagusienak».
Kontzeptu ‘zaharkituak’
Queralten ustez funtsezkoa da ohartzea arazoa ez dela LGTBIQ+ pertsonen existentzia, «arazoa jendarteak du kontzeptu zaharkitu eta toxikoetan egituratua dagoelako, arazoa ez gara gu». Erronka honakoa, beraz: eskema bitarra gainditu eta aniztasuna ekartzea. «Ikasi duguna desikasi behar dugu, heteroarauak, patriarkatuak eta neoliberalismoak emandako eskema irauli eta ulertzea errealitatea konplexuagoa dela». Hezkuntzan eta sexu heziketan jarri dute fokua biek: «Justizia sozialean, berdintasunean eta askatasunean irabazten goazen neurrian, erresistentzia ere aktibatu eta oldartu egiten da. Hori neutralizatzea tokatuko zaigu, eta hezkuntza giltzarria da».
Mikel Martinentzat izan ditu azken hitzak Queraltek: «Utzi digun lekukoa ahalik eta hoberen eramatea dagokigu, kristoren hutsunea utzi digu, betetzen zuen papera ikaragarria zen».