Aparta izan da zaleen erantzuna
Bidasoa Irunek iragan denboraldian Artalekura bertaratutako zaleen kopuruen berri eman du. Asobal Ligan hiru talde bakarrik izan ditu aurretik, eta Europako Ligako partidetan aforoaren % 77a bete da.
Amaitu du denboraldia Bidasoa Irunek. Orain, oporraldiaz gain, zenbakiak ateratzeko unea da ere zuzendaritza postuetan dabiltzanentzat. Hala, eskubaloi taldeak jakinarazi duenaren arabera, 2022-2023 denboraldian Asobal Ligako norgehiagoka bakoitzean, 1.500 pertsona hurbildu dira Artalekura, bataz beste. Urte osoan zehar 23.178 zale bertaratu dira, alegia. Kopuru hori edukiaren % 80a da, eta Espainiar Estatuko eskubaloiko lehen mailako hiru taldek besterik ez dute Irungo taldearen harrera hobetu: Ademar, Morrazo eta Torrelavegak, hurrenez hurren. Are, lau norgehiagoketan (Granollers, Bartzelona, Cuenca eta Puente Genilen aurkakoetan) sarreren salmenta agortu zen, eta horietan % 90eko bertaratzea gainditu zen.
EHF Europa Ligako datuei erreparatuta, bataz beste Artalekuren aforoaren ia % 77a bete da. Aparta ere zaleen erantzuna, astean zeharreko partidak izan direla aintzat hartuta. Gaur gaurkoz, Bidasoa Irunek 1.532 bazkide ditu; eta honezkero, hiru urtez jarraian gainditu du 1.500 bazkideren langa.