Lanuzteak egingo dituzte Correos-eko langileek
Uztailaren 3tik aurrera hasiko dira lanuzteekin. 9 lanpostu hutsik daudela salatu dute LAB, CCO, ESK eta UGT sindikatuek. Aurreratu dute, gainera, uztailaren 23ko hauteskundeei begira boto eskaeran erregistro guztiak gainditu direla.
Irungo Correoseko posta zerbitzuko langileek greba partzialak egingo dituztela uztailaren 3tik aurrera iragarri dute LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuek, “mugarik gabe luzatuko direnak”.
Lanpostu batzuk libre daudela postu horiek ez direlako betetzen salatu dute, “kezkagarria da, eta denbora asko daramate egoera hori jasaten”. Irungo kasuak langa guztiak gainditu dituela diote, “9 lanpostu bete gabe geratu dira”.
Gainera, udal eta foru hauteskundeak pasa berri diren honetan 800 jakinarazpen baino gehiago pilatu zaizkiela mahai gaineratu dute, “eta enpresak ez du inolako errefortzurik kontratatu edo hutsik dauden lanpostuak bete”.
Hiriaren handitzea ere izan dute hizpide, “azpimarratu behar da Irunen hedadura gero eta handiagoa dela, auzo berriak eraiki baitira”. Horregatik, ezinezko zaie oraingo pertsonal kopuruarekin posta legeak eskatzen duen gisan posta banatzea.
Bide horretan, Correosek ez duela Posta Zerbitzu Unibertsala betetzen diote, eta, gaineratu dute “etengabe” atzeratzen direla legeak berak gutunak eta jakinarazpenak entregatzeko ezartzen dituen epeak.
Langile faltak lehentasunak aldatzera eramaten duela enpresa deitoratu dute, “enpresak beste produktu mota batzuk lehenesten ditu, hala nola, paketeria”. Egoera horren aurrean lau sindikatuek egoera horrek langileengan sortzen duen gehiegizko ahalegina salatu dute, langileen lan baldintzei eragiten dielakoan.
Uztailaren 23an Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak egingo dira, udara betean eta, beraz, langile asko oporretan egongo dira, “horrek dakarren lan-gainkargarekin”. Aurreratu dute dagoeneko boto-eskaeren erregistro guztiak gaindituak izan direla eta berriz ere oroitu dute ez dagoela lanpostu guztiak betetzeko aurreikuspenik.
Eskaera garbia egin diote Correosi: “Absentzia guztiak modu iraunkorrean betetzeko, kalitatezko posta zerbitzu publikoa bermatzeko”.