[Bideoa] Igor Enparan, Hondarribiko alkate berria
Ez da sorpresarik izan gaurko plenoan, Abotsanitzeko hautagaiak jaso du aginte makila, txalo zaparrada artean. EH Bilduren bi botoei esker eskuratu du gehiengoa.
Hauteskundeak bezalaxe, gaurko plenoa ere historikoa izan da. Aurreikusita zegoen bezala, ez da sorpresarik izan alkate berria izendatzeko eta udalbatza osatzeko ezohiko udalbatzarrean. Aurretik jakina zena gertatu da: Abotsanitzeko Igor Enparanek alkate makila jaso du, jeltzaleen hamarkada luzeko gidaritzaren ondoren, bera izango da alkate berria datozen lau urteetan. Jakin-mina piztu du Hondarribiko udalbatzak, herritarrek lepo beteta utzi baitute pleno aretoa, eta asko izan dira kanpoan geratu behar izan direnak.
Alderdikideen babesaz gain, EH Bilduren botoei esker eskuratu du gehiengoa Enparanek. EH Bilduk aurretik esana zuen aldaketa hori “gauzagarri” egingo zuela, eta hala izan da. Abotsanitzek bederatzi boto eskuratu ditu. EAJko Gonzalo Carrionek eta PSE-EEko Noemi Odriozolak ere hautagaitza aurkeztu dute, baina ez dute nahikoa babesa jaso, soilik euren alderdikideena.
Lehenik eta behin, zinegotzi gazteenak (Aitzol Arroyo) eta helduenak (Juan Luis Silanes) euren karguaren ardura hartzeko zin egin dute. Ondoren, gainerako zinegotzien txanda heldu da.
Aldaketa. Hori izan da gaurko saioan gehien errepikatu den hitza, datorren legealdia aldaketarena izango dela hitz eman du alkate berriak. Makila jaso ondoren, zenbait hitz izan ditu bertaratutako eta bertan izan ez diren hondarribiarrentzat.
“Haize berriak dabiltza”
Txalo zaparrada batekin jaso dute herritarrek alkate berria. Juan Luis Silanes zinegotziak eman dio aginte makila, gaurkoan ez baita Txomin Sagarzazu alkate ohia izan. “Haize berriak dabiltza Hondarribian, eta garai berri baten hasiera dugu gaurko ekitaldi hau”, esan du lehenik, alkate berriak.
Gaurko saiora (osasun arazoengatik) bertaratu ezin izan duen Iosu Alvarez zinegotziarentzat ere zenbait hitz izan ditu alkate berri gisa egindako lehen diskurtsoan. “Harrotasunez eramango dut hondarribiar guztion gogoa behar den lekuraino. Ekimena eta ausardia eskatzen zaigu guztioi, nik lankidetza eskatzen dizuet etorkizuneko erronkei aurre egiteko, Hondarribiaren alde lan egiteko beraz. Eginkizun bat egokitu zait, Hondarribia gidatzea datozen lau urteetan. Gaur hasiko dudan ibilbide honetan nire aliantza herriarekiko izango da. Hondarribiar guztiak aintzat hartuko ditut, ezberdin pentsatu, sentitu, sinistu, maitatu eta bizita ere”, esan du. Enparanen diskurtso osoa, beheko bideoan ikus daiteke.
Enparanen aurretik, alderdi guztietako bozeramaileek ere zenbait hitz izan dituzte bertaratutakoentzat. EH Bilduko Garoa Lekuona izan da lehena. “Gaur hemen ikusten duguna aldaketa historikoa da, 28 urteren ondoren ezkerreko bidea hartu du herriak. Pozik gaude. Herriak aldaketa eskatu du eta guk horren alde bozkatu dugu”, esan du zinegotzi berriak. Gaurkoa “benetako norabide aldaketa” bat izatea nahi dutela esan du eta koalizio subiranistaren jarrera “eraikitzailea” izango dela. EH Bilduk “bere onena” emango duela hitz eman du Lekuonak.
Noemi Odriozolak PSE-EE bozkatu zuten guztiei eskerrak eman dizkie lehenik, eta aipatu du herritarrek mezu argi bat utzi dietela politikariei: “herriko politikaren berritzea”. “Aldaketez betetako legealdia dator, bere arriskuekin, baina batez ere bere aukerekin”. Oposiziotik bada ere “gauza asko” egiteko gai izango direla uste du, “ideiak eta proiektuak” dituztelako. Abotsanitz eskertu du, “emandako konfiantzagatik eta egindako proposamenagatik”. Oposizioko lana, fiskalizatzeaz gain, ideiak proposatzekoa izango dela erantsi du, eta “eskutik joan Hondarribiarentzako onak diren proiektuetan”.
EAJko Gonzalo Carrionek ere haien alde bozkatu zuten herritarrak eskertu ditu lehenik. Hauteskunde hauetan “galdutako konfiantza berreskuratzeko lanean” ariko direla esan du, “ilusioz eta gogoz”. Oposizioko funtzioa berria izango dela aitortu du, baina jarrera “koherentea, arduratsua eta errealista” izango dutela jeltzaleek. Azken urteetan “sortu den tentsio giroa murrizteko ahaleginak” egingo dituztela hitz eman du. “Eskatzen dugun gauza bakarra hau da, hondarribiarrentzat onak izango diren aukerak ez galtzea. Guk gure lana eta esfortzua eskainiko diogu udalbatza honi”, erantsi du.