Tximist Cupen edizio berri bati ekingo diote, gaur
Gaurtik igandera 14 eta 17 urtez azpiko emakumeen taldeen futbol lehiak izango dira. Hilaren 24an, berriz, Legends kategoriako txapelketaren txanda izango da: Reala, Athletic Club, Oiartzun KE eta Añorga KKE taldeak arituko dira.
Zazpi edizio beteko ditu aurten Juan Carlos Samaniego Tximist-en omenez sortu zuten Tximist Cup txapelketak. Gaurtik igandera, 14 urtez azpiko eta 17 urtez azpiko emakumeen taldeen futbol lehiak izango dira martxan. Azken erronka, berriz, hilaren 24an izango da, orduan jokatuko baitira Legends kategoriako norgehiagokak.
Urtetik urtera handitzen eta prestigioa hartzen doan torneoa da. “200 jokalarirekin hasi ginen eta gaur egun 6000 jokalari baina gehiago pasa dira. Hazkunde hau lan askoren emaitza da, lan asko suposatu du, baina oso polita da gure futbola hemen ikustea eta neskak lehiatzen eta jolasten ikustea… oso pozik nago” adierazi zuen atzo Aintzane Encinasek, Tximist Cup torneoko zuzendariak. Aurten, gainera, internazional mailan garrantzia duten taldeak etorriko dira. “Talde garrantzitsuak etorriko dira eta Hondarribian eta Donostian egongo dira. Oso esperientzia polita biziko dute”.
Nazioarteko emakumezko futbol txapelketa batek, gainera, neska gazteentzako zeresan handia duela aipatu zuen Encinasek: “Beraientzat leku bat egotea, bakarrik neskak lehiatzen diren leku bat egotea. Talde internazionalak egotea eta ikustea noraino ailegatu daitezkeen. Beste batzuk daudela munduan futbolean jolasean, eta hemen, etxean bizitzea oso polita izango da”.
Tximist Realeko prestatzaile fisiko eta berregokitzaile ohia izan zen; hortaz, Realarentzat txapelketa berezia izaten da urtero. “Izen eta energia berezia” duen torneoa dela nabarmendu zuen Garbiñe Ramos Realeko arduradunak, eta horregatik “oso pozik” daudela parte hartzearekin bai eta torneoak duen “esentziarekin” ere. “Bere garaian Tximistekin lan egina naiz, ezagutzen nuen eta iruditzen zait bere izena daraman torneo batean presente egotea, era batera edo bestera, beti ere guretzako esanguratsua dela”. Realak igoera lortu duen hirugarren taldearekin parte hartuko du.
Txapelketak
Txapelketaren lehen partidak bihar jokatuko dira. 14 urtez azpikoek 10:30etan izango dute lehen erronka. 17 urte azpikoak, berriz, 11:00etan irtengo dira zelaira. Finalak igandean jokatuko dituzte: 12:00etan eta 13:00etan. Paris Saint Germain, Real Madrid, Sueziako Malmö FF, Atlético de Madrid, Osasuna, Sd Eibar eta Israelgo Kiryat Gat bezalako taldeak bertaratuko dira eta Hondarribian, Hondartza kiroldegian, ez ezik, Donostiako Zubietako zelaietan ere arituko dira.
Azken erronka, berriz, hilaren 24an izango da, orduan jokatuko baitira Legends kategoriako norgehiagokak. Aurten, lehen aldiz, Reala, Athletic Club, Oiartzun KE eta Añorga KKE taldeek parte hartuko dute kategoria berezi horretan. Ondoren, eguna hori biribiltzeko, bazkari solidarioa egingo dute Klink Elkartean 14:30ean.
Ekimen honek Hondarribiko Udalaren laguntza izan du. Informazio gehiago Tximist Cupen webgunean aurki daiteke.
Hona hemen txapelketen ordutegi eta partidak: