Lau astez luzatuko dute greba Lorezainek
Elai Serbitzuak enpresak apirilaren 20an plazaratu zuen eskaintza bera mantentzen duela ikusirik hartu dute erabakia. Uztailaren 18ra arte luzatu dute greba.
Elai Serbitzuak enpresak ez du aldaketarik egin eta, bigarrenez, eskaintza berdina jaso dute Udal Lorazainek, zeinak proposamena ikusirik greba lau astez luzatzea erabaki duten. Uztailaren 18a baino lehen akordiorik lortu ezean, 68 greba egun beteko dituzte.
Lorezainen eskakizunak argiak dira: 2022ko ekainetik egin gabeko igoera aplikatzeko eskatzen dute. Baina enpresak igoera hori “soilik” 2023ko urtarriletik aurrera egitea eskaintzen die. “6 hilabetez langileei zegokien dirua poltsikoratu du enpresak lotsik gabe” salatu du ELA sindikatuak.
Lorezainen borroka, baina, ez da eskakizun horretara soilik mugatzen, “behin hori berreskuratuta” lorezainen hitzarmen propioa sortzea eskatuko dute.
Biharko egunez eratuko da udal gobernu talde berria, eta, jakinarazi dutenez, lorezainek bizi duten “egoera azaltzeko eta enpresaren jokabidea salatzeko” hilaren 19ko astean bilera bat egingo dute.
“Enpresaren jarrera ikusirik” akordioa hurbil ikusten ez dutela azaldu du ELA sindikatuk eta bitartean, “motozerra hotsak kaleak astintzen” jarraituko dutela argi dute langileek: Udaletxearen parean kontzentrazioak egiten jarraituko dute, eta uztailaren 2an Frantziako Tourra Hondarribitik igaroko dela probestuz, beren eskakizunak ezagutaraztera eramango dituzte.