Katean txirrindola eta patinentzako ponpa-pista bat zabaldu dute
Maila desberdineko hiru zirkuitu ditu: hastapenekoa, amateurrentzakoa eta pro zirkuitua. Aurrekontu parte-hartzaileetatik ateratako proposamena da.
Gaur inauguratu dute Katea auzoan, Elizatxo hiribidearen eta Bizkaia kalearen artean sortu berri duten ponpa-pista. Maila desberdineko hiru zirkuitu ditu eta Euskadin azalera gurpildun handiena duena dela azaldu du Irungo Udalak.
Proposamen hau aurrekontu parte-hartzaileetan nagusi izan zen eta egin ahal izateko aurrekontua 376.456,25 eurokoa izan da. Esleipena Poolsport Soluciones S.L enpresari egin zitzaion.
Ponpa-pista lehen aldiz aditu dutenentzat udalak azaldu du “ondulazio biribilez hornitutako inertzia-zirkuitu zirkularra” dela eta “txirrindulari eta patinatzaileek oztopo txikiak gainditu behar dituzte pistan aurrera egin ahala, abiada hartu gabe edo pedalei eragin gabe”.
Hiru zirkuitu
Hiru zirkuitu ditu pistak eta hori hala izatea “eskaria, eremua, eskualdeko erabiltzailearen profila eta jardueraren etorkizuneko aurreikuspena” aztertu ondoren erabaki dute.
Pisten banaketa “ikuspegi profesionaletik, erabiltzaileari eskaintzen dizkioten erabilera-aukeren arabera” egin dituzte, “oinarrizko mailatik profesionalera” joateko aukera eskainiaz.
- Hastapeneko zirkuitua (berdea): 70 metro lineal ditu, gutxi gorabehera, eta hasi berrientzako bi peralte eta oztopo aproposak dauzka. Diseinu horri esker, hastapenetan dabiltzanak inertziak erraz kontrolatuko dituzten zirkuitu honetan, eta abiadura kontrolatuko dute.
- Amateurrentzako zirkuitua (urdina): 120 metro lineal ditu, gutxi gorabehera, eta erdi-mailako erabiltzaileentzako sei peralte eta oztopo aproposak dauzka. Zirkuitu honek erabiltzaileei hobetzen lagunduko die, inertzia eta abiadura handiagoak eskaintzen baititu.
- Pro zirkuitua (gorria): 100 metro lineal inguruko ponpa-pista honek hiru peralte dauzka, b aita maila altuko teknikak aplikatzeko aukera ematen duten oztopoak ere. Zirkuitu honetan, erabiltzaileak azkarrago ibili ahalko dira, inertziak kontrolatuta.