[Erreportajea] Hiriko musika taldeak, Mosku girotzeko prest
Zarata eta Ankerra taldeak dira hiriko jaietan Urdanibia plazako oholtzan arituko diren Irungo taldeak. Zaratak hilaren 23an joko du 22:30etik aurrera, eta Ankerrak, hilaren 24an, ordu berean.
Atzera kontaketa bukatu da: hemen dira 2023ko San Pedro eta San Martzial jaiak. Irungo Udalak eta hiriko eragileek gustu eta publiko guztiak aintzat hartu dituen egitaraua ondu dute, gaurtik (hilak 16) uztailaren 1era arte luzatuko dena. Proposamenen artean, nola ez, musika ikuskizunak daude. Udalak adierazi du «bertako talentuek eta talde ospetsuek» osatzen dutela musika programazioa. Kontzertu horietako batzuk Urdanibia plazan izango dira, eta Moskuko oholtzara igoko diren musika taldeen artean bi hirikoak dira, etxekoak, eta dena emateko prest daude: Zarata eta Ankerra.
HITZA bi taldeekin bildu da jaien atarian, eta biek ala biek onartu dute «gogotsu» daudela oholtzara igo eta Mosku plaza girotzeko. Zarata bost kidek osatutako musika taldea da. Xabi Peña da kideetako bat, eta esan du «betiko punkean» murgiltzen direla. «Zarata egiten dugu, gure izena hortik dator. Bertsio batzuk ere egiten ditugu; esaterako, La Polla Records, Eskorbuto edo RIP taldeenak». Zarataren antzera, Ankerra bost kidek osatzen dute, eta adierazi dute rocka eta heavya direla jorratzen dituzten musika estiloak.
Zaratako Xabi Peñak aitortu du «sekulako ilusioa» egiten diela hiriko jaietan jotzeak. Oroitarazi du duela lauzpabost urte jo zutela lehen aldiz sanmartzialetan, eta «primeran» pasa zutela. Aurten esperientzia hori errepikatzeko aukera izango dute, eta «oso pozik eta gogotsu» daudela onartu du.
Ankerrako Odei Garcia Peñaren ildotik mintzatu da, eta adierazi du eurentzako «dena» dela hiriko festetan aritzea: «Txikitatik bizitako jaietan parte hartzea guretzako dena da, ohore bat».
Zaratak hilaren 23an (ostirala) hartuko du Mosku plaza, 22:30etik aurrera, eta Neomak taldearen telonero izango dira. Ankerra, aldiz, hilaren 24an (larunbata igoko da Urdanibia plazako oholtzara, 22:30etik aurrera, eta Huntza taldearen aurretik izango da haien emanaldia.
Moskura jendea bertara dadin nahi dute bi taldeetako kideek, eta kontzertuekin jendeak «ondo pasatzea» da haien helburua. Peña ziur da «kontzertu on bat» eskaini nahi dutela, horretarako entseatzen baitute: «Gauzak ondo egin eta prestatu nahi ditugu, gozamena baita. Guk lehen aldiz jo genuenean hurrengo egunetan jendeak esaten zigun kontzertua gustatu zitzaiela, eta urte osoa entseatzen eman ondoren, kontzertu on bat ematea eta gauzak ondo egitea polita da».
Parte hartze prozesua
Apirila bukaeran, Irungo Udaleko Kultura arloak San Pedro eta San Martzial jaien programaren barruan hiriko zein taldek joko zuten erabakitzeko prozesu parte hartzaile bat abiatu zuen. Lehiaketa horretara Irungo bederatzi musika talde aurkeztu ziren, tartean Zarata eta Ankerra. Udalak galdetegi bat ireki zuen musika talde horiek hautatzeko, eta 2.703 irundarrek hartu zuten parte prozesu horretan. Orotara, 3.284 boto zenbatu ziren, eta Zarata eta Ankerra izan ziren bozkatuenak. Zaratak 716 boto jaso zituen, eta Ankerrak 500.
Bi taldeetako kideek nabarmendu dute «asko eskertu» dutela jendearengandik izandako babesa. Ankerrako Mikel Muñozek onartu du «ilusioz» daudela jendearen botoak jaso dituztelako, eta egiten duten «esfortzua errekonozitu» dutelako. «Asko bete gaitu hautatuak izateak», aitortu du Muñozek. Peñak ere jendearen babesa eskertu du, eta gertaera bitxi bat kontatu du: «Jendearekin topo egin dugu kalean eta esan digute bozkatu gaituztela. Horrek ilusioa ematen du, polita da».
Musika taldeen egoera
Egungo musikaren egoeragatik galdetuta, Zaratako eta Ankerrako kideak ez daude itxaropentsu. Peñak esan du Irunen badaudela musika taldeak, baina kopuru hori asko jaitsi dela. «Lehen talde gehiago zegoen. Geroz eta talde gutxiago ikusten ditut orokorrean Euskal Herrian», esan du. Horrez gain, kontzertuak antolatzea edo horietan parte hartzea geroz eta zailagoa bilakatu dela azaldu du: «Bizilagunak kexatzen dira, baimenak lortzea zailagoa da…».
Ankerrako kideek ere ziurtatu dute geroz eta talde gutxiago dagoela, eta, gainera, musika estiloak eta gustuak asko aldatu direla.