[Erreportajea] Ongi etorrien eta ia agurren Alardea
Alarde Parekideak desfile berezia du aurretik. Aurten, hamabi konpainia izango dira, San Migel sortu delako. Beste bik, Zalditeriak eta Artilleriak, moldaketekin egingo dute ibilbidea.
Borrokan. Borrokan segitzeko beste San Martzial egun bat du aurretik Alarde Parekideak. 27 urte atzera begiratuta, bi Alardeek desfilatzen dutenetik udalaren partetik errekonozimendu bakarra jaso du Alarde Publikoak, eta iaz izan zen Miren Etxebeste orduko Berdintasun ordezkariaren eskutik: Irungo bandera eman zion alarde ez baztertzaileari. Gaurko egunez ezin da jakin udal gobernua ekainaren 30ean eta datozen lau urteei begira nola eratuta egongo den, baina Alardearen auzia konpontze aldera politikak egiten segi beharko du udalak.
Udal gobernuaren aldaketak aurrera segitzeko balio dezake, edota Jose Antonio Santanoren bideari berriz eustea eragin dezake, hau da, harrerarik ez egitea. Iaz, «oso pozik» agertu ziren parekideko kideak emandako aurrerapausoarekin, «pauso txikiak dira, baina aurrera egiteko asko balio dute», aintzatetsi du Arkaitz Martinez Alarde Parekideko batzarreko kideak. Udaletxeko balkoian pandemia aurreko irudia errepikatuko balitz auzia «atzerantz» joango zela uste du Alarde Parekideak. Martinezek argi du dagoeneko ikusi dela denbora pasatzen uztearekin ez direla gauzak konpontzen, «eta urte gehiegi pasa dira».
Alardearen batzarraren barruan pil-pilean dagoen gaia dela aitortu du batzarkideak, baina, oraingoz, ez dute inolako berririk izan. Jakin dute udalaren barruan ere gaiaz hitz egiten ari direla, eta oroitarazi du udalean Alardearen gatazkari konponbidea bilatzeko mahai politiko bat eratuta dagoela. Ez da kontseilu erabakitzaile bat eta, hortaz, udalbatzako alderdien ordezkariak biltzen dira soilik. Martinezek adierazi du haiengana EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza alderdikoak joan direla mahai horren bueltakoak azaltzera, eta horrela jakin dutela udalean aztertzen ari direla harreraren gaia. «Iaz, azken momentura arte bazirudien alkatea agertu behar zela, baina ez zen hala izan. Aurten, zoritxarrez, beti bezala gaude». Martinezek mahai gaineratu du martxoan Alardea udalak berriz ere antola dezala egindako eskakizuna: «Ez dugu erantzunik jaso». Gogaikarriena erantzun eza dela esan du, «alkateak gu existituko ez bagina bezala jokatzen du».
Berritasunak: agur eta ongi etorri
Aurten 7/2023 Legea, martxoaren 28koa, onartu dute, animalien eskubideak eta ongizatea babesteko asmoz. Horrek Alardearen antolakuntzan eragina izango du. Izan ere, animaliekin desfilatzeko «jendetza, zarata eta musika» ekidin behar dituzte, «esan daiteke hori dela San Martzial jaia», azaldu du Martinezek. Oraintxe faktore horiek nola saihestu eta zaldien eta astoen parte hartzearekin nola aurrera egin lantzen ari dira.
Bide horretan, memoria bat landu dute, lege horren pean nola jardungo duten zehazten duena. Hori aldundiari bidaltzea dute asmo. «Animaliak Urdanibia plazatik atera beharko ditugu. Agian gauza batzuk ezberdin egingo dira, esaterako, zutik, animaliarik gabe». Lehen urte hau «esperimentua» izango dela dio batzarkideak eta, batez ere, denbora epeekin daude adi: «Horrekin oso zorrotzak dira. Goizeko desfilean ez dugu arazorik ordutegia betetzeko, baina arratsaldean bai. Leku estuetan, adibidez, banaka joan behar gara, eta musikatik urrundu. Moldaketa hauekin dena polikiago joango da, eta denbora gehiago beharko dugu desfilatzeko. Zaila izango da». Hilaren 30a pasata egingo dute balorazioa. «Jaietan animaliekin jarduerak egitea zaila izango da aurrerantzean».
Berritasuna ere bada San Migel konpainia sortu dela aurten, «ilusioz beteta» daude. Batzarkideak konpainiaren sorrerari buruz esan du «indar pila bat» eman diela Alarde Publikoko kideei, «baita freskotasuna ere». Gogorarazi du duela 27 urte hasitako bidea, «orain hasten ari direlako. Denak alai, pozik, gogotsu. Urte berezia izango da».
Era berean, lehen aldiz erasoen kontrako protokoloa ondu dute Alardearen batzarrean. Protokolo hori Alarde Parekidearen orrialdean argitaratuko dute eta horren berri sare sozialetan ere emango dute. Bestetik, batzordeak jakinarazi du ehiza armak dituztenek ezingo dutela desfilatu eta, era berean, gogorarazi dute ibilbidean zehar ezin direla tiroak bota. Egitekotan, araua hautsi dutenen pe geratuko da ardura.
Hilak 28
20:00. Kantineren Eguna. Urdanibia plazatik aterako dira Junkal plazatxora. Txapel gorria eraman behar da.
20:15. Kantineren aurkezpena.
Hilak 29
20:00. Danborrada eta Bandaren entseguak Urdanibia plazan.
Hilak 30
05:45. Alborada Erromes plazan.
06:00. Diana, Junkal plazatxoan.
10:15. Arrankada San Martzial kalean.
17:00. Arratsaldeko desfile hasiera. Xantalen karrikan.