Alardea etxebizitzen zozketarako eskarien onarpen zerrenda publikatu dute
Orain, 15 eguneko epea dago alegazioak egiteko, eta etxebizitzen banatzea irailean egingo dutela aurreratu du udalak.
Iragan hilabetean bukatu zen Lapitze auzoan eraiki dituzten Alardea deituriko alokairuko babes ofizialeko 52 etxebizitzetarako zozketan parte hartzeko izen emate epea.
Orain, udalak argitara eman du parte hartzaile onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak, eta, bestetik, kupo eta azpikupoetako etxebizitzen esleipena eta kupoetan eta azpikupoetan onartutako parte-hartzaileen zerrendak.
Irunvik egin ditu publiko zerrendak eta 15 eguneko epea dago alegazioak aurkezteko. Epe hori bukatzen denean, Administrazio Kontseilua berriro bilduko da, esleipedunen behin betiko zerrenda eta dagokion etxebizitza esleipena onesteko.
Guztira, 2.491 pertsonak eman dute izena Irunvin alokairuko babes ofizialeko etxebizitzaren eskatzaile moduan. Baztertuen zerrendan 366 pertsona daude, eta onartuen zerrendan, berriz, 2.125 pertsona. Irailean egingo dute etxebizitzen banatzea.
Gogoratu behar da lau kupo eta azpikupo ezarri dituztela esleipenetarako:
- Desgaitasun fisikoren bat duten pertsonen kupoan, 3 etxebizitza.
- 36 urtetik beherakoen kupoan, 19 etxebizitza.
- Etxebizitza-premia berezia dutenen kolektibo kupoan, 18 etxebizitza.
- Kupo orokorrean, 12 etxebizitza.