Bidasoko Itaiak sanmartzialetarako protokoloa aktibatuko du
Indarkeria matxistari aurre egiteko erantzun eraginkorrak behar direla adierazi du Itaiak. Asanblea egingo dute hilaren 19an.
Bidasoko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak jakinarazi du San Pedro eta San Martzial jaietarako protokoloa osatu eta aktibatuko duela. Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu lelopean egituratu dute protokoloa. Oroitarazi dute iazko Irungo festetan gutxienez hiru eraso izan zirela, “eta azkenaldian eskualdean eraso ugari” izan direla zehaztu dute. “Horren aurrean, biolentzia matxistaren testuinguruan antolatzeko beharra nabarmendu nahi dugu”.
Itaiarentzat indarkeria matxista gainditzeko “erantzun eraginkorrak” garatzea ezinbesteko lana da, eta horri begira babes esparruak antolatzea eta indarkeria matxistaren kontrako mekanismoak ezartzea erabaki dute. “Hori dela eta, herriko festetan indarkeria matxistaren aurka antolatzeko deialdia luzatzen dugu”. Antolatze lan horretarako asanblea irekira deitu dituzte herritarrak: hilaren 19an (astelehena) egingo dute, 17:00etan, Palmera Montero gunean.