Erabateko gaitzespena Irungo sexu erasoari
Jose Antonio Santano jarduneko alkateak irmo gaitzetsi du erasoa. Bidasoko Itaiak elkarretaratzea deitu du gaur 18:00etan, San Juan plazan, eta udaleko Berdintasun Batzordeak, 19:00etan, leku berean.
Jose Antonio Santano Irungo Udaleko jarduneko alkateak atzo ezagutarazitako ustezko sexu erasoa “irmo” gaitzetsi du. Udalak jakinarazi du maiatzaren 28an jazo zela ustezko eraso hori, eta jarduneko alkateak arbuiatu egin du: “Ezin da toleratu, eta justiziaren pisu guztiak erori behar du. Gizarte osoak aurre egin behar du: elkarrekin, gure gaitzespena adierazten segitu behar dugu, gaitz hau behin betiko desagertzeko”.
Santanok adierazi du udalak hirian indarkeria matxista kasuak daudenerako protokoloa abiarazi duela, eta dauzkan baliabideak biktimaren esku jarri dituela. Horrez gain, jarduneko alkateak elkartasun eta babes mezu bat helarazi dio biktimari eta haren familiari, eta polizia zoriondu du ustezko erasotzailea atxilotu baitute. Epaileen esku utzita, kartzelan sartu dela esan du.
“Dauzkagun baliabideak biktimaren esku jarri ditugu. Bide batez, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak erasoaren ustezko egilea atxilotzeko egindako lana nabarmendu nahi dut. Horrelakorik ez gertatzeko lan egin behar dugu, nazkagarria baita, eta, horretarako, alde inplikatu guztien arteko prebentzio lana dugu, baina, zoritxarrez ezer gertatzen bada, erabakimenez jokatu behar dugu, gizarteak erabateko arbuioa adierazi behar du, eta, kasu honetan bezala, justiziak esku hartu behar du”.
Elkarretaratzeak erasoa gaitzesteko
Atzo ezagutarazitako erasoa salatzeko, ‘Indarkeria matxista orori aurre egin’ lelopean, Bidasoko Itaiak elkarretaratzea deitu du gaur, 18:00etan, San Juan plazan. Antolakunde sozialistak nabarmendu du “eraso matxistak salatzeak eta erasotzaileei aurre egiteak berebiziko garrantzia” duela, eta horren aurrean, “indarkeria matxistari erantzuteko mekanismo eraginkorrak garatzea ezinbestekoa” dela.
Ondoren, 19:00etan, San Juan plazan, Irungo Udaleko Berdintasun Batzordeak ere dei egin du elkarretaratzera, eta babesa eman die mugimendu feministak deitutako gaitzespen ekitaldi guztiei.
Erasoaren aurrean, Irungo Udalak adierazpen instituzional bat egin du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du gaur arratsaldean egingo diren elkarretaratzeekin.