Rapa edo trapa euskaraz ere egin daitekeela aldarrikatzera
Herriko hiru abeslarik kontzertu berezia eskainiko dute gaur Kultur Etxean. Acto Messie, Txavvo eta Ttirritt artistak igoko dira oholtzara, "askotariko estiloko" saioa eskaintzeko.
Herriko hiru sortzaile elkarrekin oholtza gainean estreinakoz ikusteko aukera izango da gaur Kultur Etxean. Hok ttuk amalau izeneko emanaldia eskainiko du hirukote batek. «Saio berezia» izango dela aurreratu du gaur oholtzara igoko den Julen Goikoetxea Acto Messiek. Blagan Hondarribiko Euskara Elkarteak antolatu du ikuskizuna.
Rap abeslari hondarribiarrekin batera Mikel Arrubarrena Ttirritt eta Ekhi Erro Txavvo igoko dira agertokira. «Euskaraldirako abesti bat egiten hasi ginen, giro oso ona izan genuen, eta aurrera jarraitzea erabaki genuen», azaldu du. Hala, azken hiletan elkarrekin mikrofonoari botatako hori guztia jaso eta emanaldi batean bilduko dute. «Koldo Emerik gidatuko du emanaldia, gitarra batekin aurkezpenak egingo ditu. Ondoren, kontzertua helduko da. Abeslariak DJak ere izango gara».
Haien kabuz sortutako abestiez gain, elkarlanean egindako hainbat kantatuko dituzte. Generoari dagokionez, «denetik» izango dela kontatu du. «Rapa, trapa, rocka… Bakoitzak bere estiloa du, eta guztiak uztartuko ditugu».
Aldarrikapen puntu bat ere izango du gaurkoak, rap edo traparen munduan euskarak indarra hartu duela aldarrikatu nahi baitu hirukoteak. «Rap edo trap bezalako estiloak euskaraz ere egin daitezke. Gure hizkuntza da, hiruek euskaraz egiteko hautua egin genuen aspaldi. Hondarribiko euskaran erabiltzen diren hitz asko erabiltzen ditugu gainera, gure hondar aletxoa jarri nahi izan dugu».
Emanaldia 21:00etan hasiko dela iragarri dute, eta ez dela sarrerarik ordaindu beharko azaldu du artista hondarribiarrak.