Irailetik aurrera, Antzinako Egiptoren inguruko ikastaroa eskainiko du Oiassok
Bereziki, orduko gainontzeko herriekin izandako harremanetan jarriko dute arreta. Hiru hilabete iraungo du, eta 75 euro balioko.
Oiasso Museoak hiru hilabeteko ikastaroa eskainiko du irailetik aurrera, Aitzin Aroko Egiptok gainontzeko herriekin izandako harremanen inguruan ikasteko. Leire Lizarzategi irakasleak eskainiko du “Oasi bat bidean” (“Un oasis en el camino”) ikastaroa, gaztelaniaz.
Azken bi mendeetan, hainbat izan dira Antzinaroko Egiptoren inguruko ikerketak egin dituzten ikerlariak (Mariette, Carter, etab.). Horrek, ordea, ez du faraoien lurraldeko mitoen hedapena erabat eten. Zentzu horretan, ikastaroan Antzinaroko Egiptok bizi izan zituen aldaketa nagusiak aztertuko dituzte, gatazkak eta bizikidetzak barne, eta arreta berezia jarriz garaiko beste herriekin izandako harremanean.
Ikastaroak 75 euro balioko ditu, eta hiru hilabetez astean behin jasoko dituzte klaseak parte hartzaileek: astelehenetan, 11:00etatik 12:00etara; asteartetan, 18:00etatik 19:00etara; edo ostegunetan, 11:00etatik 12:00etara. Izen emateko epea ireki dute honezkero, eta 943 63 93 53 telefonora dei eginda eman behar dute izena interesdunek. Hemen sakatuta, programa osoa kontsultatu eta izen emate orria deskargatu daiteke.