[Elkarrizketa] «Pistan baino urduriago jarraituko ditut partidak orain»
24 urteko ibilbide oparoaren ondoren, agur esan dio Bidasoari eta eskubaloiari pibote irundarrak. Orain, beste zaleek bezalaxe jarraituko ditu partidak, harmailatik.
Garaipen batekin esan diozu agur eskubaloiari. Partida berezia izan da?
Oso. Pixka bat arraroa izan zen, ez genuelako ezer jokoan, baina egun oso berezia izan zen. Denbora luzez esperotako partida izan zen, eta egia esan oso polita izan zen.
Zer sentitu zenuen partidaren ondorengo ekitaldian?
Nahiko hunkituta bizitu nuen. Senide, lagun eta zalez inguraturik bukatzea ederra izan da, oso berezia. Urte asko izan dira hemen jokatzen eta inoiz ez duzu pentsatzen nolakoa izango ote den azkeneko eguna.
Nola jaso zintuzten zaleek larunbatean?
Primeran jaso ninduten, baita taldea utzi duten besteak ere. Bi erretiro izan ziren [Aginagalderena eta Ander Ugarte irundarrarena], hiriko bi jokalarirena, eta alde horretatik oso berezia izan zen denontzat.
Zaila egin zaizu erabakia hartu eta agur esatea?
Agur esatea bai, baina erabakia hartzea ez hainbeste, denborarekin hartutako erabakia izan baita. Aurreko urtean esan nuen hala izango zela eta nik uste dut naturala izan dela. Normaltasunez bizitu dut prozesu guztia.
Mezurik zaleentzat?
Esker mezuak besterik ez. Kanpoan jokatu ditugun partida askotara joan dira, hor egon dira beti. Baina hemen, Artalekun jokatzea berezia da, eta are gehiago horrelako zalego batekin. Zaleek egin dute berezi Artaleku. Uste dut kanpotik datozen jokalariek ere gauza berbera sumatzen dutela. Asko eskertzen dute Artalekun jokatzea, eta horren arrazoi nagusia zalegoa izan da.
Denetik irabazi duzu, tartean, kluben eta selekzioen arteko Munduko eta Europako txapelketak, eta brontzea Olinpiar Jokoetan. Pozik egindako ibilbidearekin?
Bai. Hasi nintzenean ez nuen pentsatzen egin dudanaren %10a ere lortuko nuenik. Pixkanaka-pixkanaka gauzak lortzen joan naiz, helburu berriak betetzen, eta saiatu naiz gutxienez horiek lortzen.
Begirada atzera botata, arantzarik geratu zaizu?
Bai, Bidasoarekin zerbait irabaztea, arantza hori dut.
24 urtez lehen mailan aritu zara. Oso gutxik esan dezakete hori…
Egia da urte asko izan direla, kamisetan ikusi nuenean zenbat urte izan diren aitortu behar dut bertigo pixka bat eman zidala. Egia esan, ez nuen sekula pentsatu edo imajinatu hainbeste urte izango zirenik.
Bidasoaren urrezko garai hura bizitu zenuen, zale bezala. Nola gogoratzen dituzu urte horiek?
Momentu oso politak bizi izan nituen harmailatik. Nire lehendabiziko partidak hemen izan ziren. Anaia eskubaloian hasi zen, berari esker ezagutu nuen kirol hau, eta Artalekura etortzen hasi nintzen. Partida izugarriak izan ziren, eta orduan sartu zitzaidan pozoi hori [barrez].
Esan duzu anaiari esker hasi zinela kirol honetan. Funtsezko babesa izan da Gurutz?
Bai, bera hasi zen jokatzen eta bide berbera hartu nuen, berak transmititu zidan zaletasun hori. Eta lehen taldera iristeko bere babesa eta laguntza ezinbestekoa izan zen.
Gogoan duzu elastiko horiarekin jokatutako lehen partida?
Bai, nola ez! Zaragozan izan zen, bost bat minutu jokatu nituen. Denetik pasatu zitzaidan: gol bat sartu nuen, bi minutuko zigorra jaso nuen, erasoan falta bat egin nuen… Denetik izan zen, saski-naski antzekoa [barrez].
13 zenbakia zintzilikatu dute jada, klubaren historiaren parte zara. Zer sentiarazten dizu horrek?
Nire kamiseta zintzilikatuta ikusteak bertigoa ematen dit. Hemen partida eta jokalari oso garrantzitsuak ikusi ditut, zale eta jokalari bezala. Eta kamiseta hori Artalekuren paretan ikustea izugarria da, garrantzitsua niretzako. 13 zenbakia garrantzitsua da Bidasoarentzat, berezia, batez ere Fernando Bolea datorkigu burura guztiei [hark ere eraman zuen 13 zenbakia]. Alde horretatik, zenbaki hori erdi-banatuta izan dela sentitzen dut, biei egin digutela aitortza.
2006an taldetik joan zinen. Nolako erabakia izan zen, gogorra?
Erabaki zaila izan zen, ez da erraza bertako egonkortasunarekin esperientzia berri bat bizitzea, baina uste dut momentu hori egokia izan zela etxetik joateko. Leonera joan nintzen [Ademar Leon taldera] eta kontent nago han bizitakoarekin. Oroitzapen ederrak ditut kanpoan egindako ibilbideaz. Oso gustura aritu naiz beti, egon naizen leku guztietan oroitzapen politak bildu ditut. Lekura egokitu naiz eta oso gustura aritu naiz talde guztietan.
Polonian bizitu zenuen zure urrezko garaia. Nolako esperientzia izan zen?
Egia esan oso polita izan da han bizitu dudan guztia. Beldur pixka batekin joan nintzen, aldaketa oso garrantzitsua izan baitzen, bai jokalari bezala eta baita pertsonalki ere. Aldaketa asko izan nituen momentu horretan. Beldurrarekin hasi arren, gerora primeran joan zen dena, oso kontent egon naiz.
2020an itzuli zinen etxera. Gogoz zinen?
Oso gogotsu nintzen. Hemendik joan nintzen momentutik argi nuen bueltatuko nintzela. Eta nahiz eta jende askok ez uste, oso argi nuen buruan hori, eta zorionez lortzeko gai izan naiz.
«Hasi nintzenetik beti amestu izan dut Bidasoarekin Europan jokatzea»
Nolakoa izan zen itzulera?
Zaila izan zen hasieran, ez baikenuen zalerik harmailetan. COVID-19aren garai hura izan zen, eta lehendabiziko urtea oso gogorra izan zen. Ilusioz etorri nintzen Artaleku zalez beteta ikusteko, eta bat-batean jenderik gabe jokatzen hasi ginen. Gogorra izan zen lehen urtea, baina ordutik dena primeran joan da.
Eta etorri zinenetik une gozoa bizi izan du taldeak. Gustura aritu zara?
Oso. Hiru urteetan Europan jokatzea ikaragarria izan da. Asko gustatzen zait Europako lehia hori, eta nire bihotzeko taldearekin lehiatzea sekulakoa izan da. Oso polita. Beti amestu izan dut Bidasoarekin Europan jokatzea. Helburu asko jartzen ditut beti, eta hasi nintzenetik argi nuen nire ametsetako bat hori zela: Bidasoarekin Europan jokatzea. Hona itzultzeko gogoak nituen, eta honek dena biribildu zuen.
Zein izan da orain arteko partida bereziena?
Asko izan dira, onerako eta txarrerako. Leonen lehendabiziko Kopa irabazi genueneko momentu hura ederra izan zen niretzako. Tituluak irabazteko gai nintzela ikustea ikaragarria izan zen. Eta gero, une berezienetako bat: 2015ean Europako EHF Txapelketa irabazi nuen [KS Kielce taldearekin]. Eta noski, Tokioko Olinpiar Jokoak ere sekulakoak izan ziren, Espainiako selekzioarekin jokatutako azken partida horren ondoren domina eskuratzeko gai izan ginelako.
«Artalekun jokatzea berezia da, are gehiago zalego honekin; zaleek egiten dute berezi»
Eta hemen, etxean, momentu berezirik?
Poloniatik itzuli nintzen ondorengo lehen partida hura dut gogoan. Lesionatuta nengoen, baina berriro Artaleku zapaltzea oso polita izan zen.
Hasi zinenetik gaur arte, asko aldatu da eskubaloia?
Zentzu guztietan aldatu da, asko. Kirolean bezalaxe, klubean ere gorabeherak izan dira hasi nintzenetik, baina zorionez orain momentu polit eta garrantzitsuan gaude.
Beraz, etorkizuna bermatuta du klubak?
Bai, harrobi indartsua dugu, horretarako lanean ari gara. Batzuetan, gauzak ondo doazenean, harrobia ahaztu egiten da, baina hemen garrantzi handia ematen diogu, funtsezkoa da klubaren egitura ona izatea, behetik hasita.
«Harrobi indartsua dugu, funtsezkoa da guretzako»
Bizitza asko aldatuko zaizu orain. Prest zaude bizitza berri baterako?
Antzera bizituko ditut partidak, harmailatik bada ere. Kirol zuzendari bezala hasi naiz jada, astelehen goizean hemengo bulegoetan nintzen ja. Uste dut okerragoak izango direla partidak niretzat. Ziur, askoz ere urduriago egongo naiz harmailan, pistan baino. Gogotsu nago ibilbide berri honekin.
Zein duzu hurrengo erronka?
Bidasoak aurrera pausoak egitea, errotzea. Zaleak taldeaz harro egon daitezen lanean jarraituko dugu. Argi dudana da eskubaloiari lotuta jarraituko dudala, hori ziur. Bi urteko kontratua sinatu berri dut. Ea gauzak bide onetik doazen hemendik aurrera.
Gau magikoa izan zen larunbatekoa, Bidasoa taldearen zaleek sekula ahaztuko ez duten horietakoa. Emozioz beteriko partida izan zen. Klubeko historiko batek agur esan zion betiko Artalekuri eta eskubaloiari. Julen Aginagalderen 13a Artalekuren parte da jada, klubaren historiaren zati.
Azken hamarkada honetan ere pieza klabea izan den beste jokalari batek ere agur esan zuen. Azken urteetan Aginagalderekin orpoz orpo aritutako Jon Azkue ere badoa, harentzat ere azken partida izan zen Bidasoaren kamisetarekin. HITZAri aitortu dio ez dela erabaki erraza izan, baina «pozik eta lasai» dagoela hartutako erabakiarekin. Frantziara doa, Limoges taldera.
Larunbatekoa «oso berezia» izan zela aitortu du, hunkigarria. «Geroko ekitaldian negar malkoei ezin eutsi nengoen, ederra izan zen». Hamabi denboraldi jokatu ditu elastiko horiarekin: «Ume bat nintzela iritsi nintzen. Bidasoak dena eman dit, hemen hazi naiz jokalari eta pertsona bezala. Hemen ikasi dut zer den klub batekiko sentimendu hori».
Esker mezuak besterik ez dituela dio, taldekide eta zaleentzako: «Zaleak oso gertu sentitu ditut lehen egunetik, ez dut sekula ahaztuko hemen bizitutakoa». Frantziara badoa ere, ez dio aterik ixten bihotzeko klubari: «Ea berriz elkartzen garen. Hau nire etxetzat daukat, eta gustatuko litzaidake berriz ere nire burua horiz jantzita ikustea».