Sanpedroek eta sanmartzialek badute egitaraua
Ehun jardueratik gora egingo dira hirian ekainaren 23tik uztailaren 1era. Aurrerapen gisa, ekainaren 16 eta 17an Bustamantek eta En Tol Sarmientok taldeek kontzertua eskainiko dute. Txosnak, berriz, hilaren 23tik aurrera jarriko dira Urdanibia plazan.
Prest dute jada Irungo San Pedro eta San Martzial jaietarako egitaraua. Etxez etxe zabalduko dute aurten ere. 118 jardueraz gozatzeko aukera izango da Irungo kaleetan: askoren artean, haurrentzako animazioak, ikuskizunak, dantza, kirol probak, erakusketak, herri bazkaria edota kontzertuak izango dira hirian festak bitartean.
Hiriko plazak izango direla gehien erabiliko dituzten espazioak adierazi du Borja Olazabal jarduneko udal ordezkariak: Alberto Anguera, Txanaleta Zabaltza, Urdanibia, Euskal Jai frontoia, Junkal plazatxoa, Jenaro Etxeandia eta San Juan. Bestetik, Gaztegunea Santiagoko Euskal Jai pilotalekuan jarriko dute, eta oholtza nagusia Urdanibia plazan. Bertako egitarauaren berri izateko, jo esteka honetara.
Haurrentzako jarduerak eta tailerrak auzo batzuetatik zehar mugituko dituzte, hain zuzen, San Migelen, Anakan, Katean, Behobian, Belaskoenean, Elizatxon eta Arbesen izango dira. Leku itxiaren beharra duten ikuskizunak ere eskainiko dizkiete txikienei Amaia KZn: opereta eta kontzertu korala Luis Mariano Lirika Elkartearen eta Ametsa abesbatzaren eskutik.
Musika egitaraua “inoiz baino anbiziotsuagoa” dela adierazi du Olazabalek, “kantitatearen zein kalitatearen ikuspuntutik”. Udal ordezkariak dio “artista eta talde prestigiodunek” osatzen dutela kartela, “gustu guztietarako”.
- Ekainak 16: David Bustamante. San Juan plazan, 22:30ean.
- Ekainak 17: En Tol Sarmiento. Urdanibia plazan, 22:30ean.
- Ekainak 17: Camp berbena. Martxoak 8 kalea (Dunboa), 22:30ean.
- Ekainak 21: Musikaren Nazioarteko Eguna Skola Musik-ekin. Urdanibia plaza, 17:00etan.
- Ekainak 23: Zarata eta Neomak. Urdanibia plazan, 22:30ean eta 00:00etan.
- Ekainak 24: Ankerra eta Huntza. Urdanibia plazan, 22:30ean eta 00:00etan.
- Ekainak 27: Santa Salut. Gaztegunean, 20:30ean.
- Ekainak 28: Prok, La Zowi, Unai Muguruza, Klandestina, Suso eta Jamaika Show orkestra. Urdanibia plazan, 23:00etan.
- Ekainak 30: Disko festa. Urdanibia plazan, 22:30ean.
Bestetik, Luis Marianoko postuak ekainaren 16tik uztailaren 2ra bitartean egongo dira irekita, baita Ficobako atrakzioak ere. Txosnak ekainaren 23tik uztailaren 1era bitartean egongo dira Urdanibia plazan. Programazioa osorik, lotura honetan topa daiteke.
Egun hauetan jasoko dute etxeetan herritarrek jaien egitarauaren aldizkaria, baina baita ere jaiegunetan “gizalegez jokatzeko kanpainen eta kontzientziazio kanpainen kartela”.