Historiaz eta arkeologiaz gozatzeko aukera Oiasson
Antzinaroko Egipto ardatz duen ikastaro berri bat antolatu dute Oiasso Museoan irailaren 18tik abenduaren 19ra bitartean. Izen-emateak irekita daude jada.
Oiasso Museoak historiaz eta arkeologiaz gozatzeko aukera berriak dakartza urteko bigarren seihilekorako. Horren adibide da Oiasson egitekoa den ikastaro berria: Oasi bat bidean. Egiptoren eta beste herri batzuen arteko harremana Antzinaroan. Ikastaro hori irailaren 18tik abenduaren 19ra egingo da, eta Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du irekita dagoela izena emateko epea.
Ikastaroan Egiptok Antzinaroan ikusi zituen aldaketa historikoetako asko aztertuko dituztela azaldu dute antolatzaileek; batez ere garai hartako beste herri batzuekin izandako kontaktuetan, gatazketan eta bizikidetzan sakonduko dutela zehaztu dute.
Aurrez aipatu bezala, ikastaroa irailaren 18tik abenduaren 19ra gauzatuko da, hiru txanda bereizitan: astelehenetan 11:00etatik 12:00etara, asteartetan 18:00etatik 19:00etara eta ostegunetan 11:00etatik 12:00etara. Txanda bakoitza hamabi saiok osatzen dutela adierazi dute antolatzaileek, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Historiako doktore den Leire Lizartegi Eluk emango ditu eskolak.
Izen-emateak irekita daude jada, eta ikastaroan parte hartzeko plaza kopurua mugatua dela esan dute. Horrez gain, inskripzioa bi modutara egin daiteke: Oiasso Museoaren harreran aurrez aurre edo 943 63 93 53 telefonora dei eginez. Matrikulak 75 euroko prezioa du.