Emakumeen II. San Martzial Eskubaloi Txapelketa, larunbatean
Txingudi Eskubaloiak antolatzen duen txapelketa Artaleku eta Urantzun lehiatuko da, 10:00etatik 19:00etara. Sei taldek hartuko dute parte emakumeen eskubaloia sustatzen eta bultzatzen jarraitzeko helburuarekin.
Larunbat honetan, hilak 10, senior nesken II. San Martzial Eskubaloi Txapelketa jokatuko da Artaleku kiroldegian eta Urantzu pilotalekuan. Txingudi Eskubaloi Taldeak antolatu du txapelketa, Irungo Udalaren laguntzarekin, eta bere xedea da emakumeen kirola sustatzea eta bultzatzea. Horrez gain, Irun eskubaloira lotua dagoen hiria dela gogorarazi dute antolatzaileek, eta txapelketaren beste helburu nagusietako bat emakumeen eskubaloia indartzea eta ikusaraztea ere badela esan dute.
San Martzial txapelketan sei taldek hartuko dute parte: Garaje el Prado Corazonistas (Gasteiz), Ibaizabal Eskubaloi Taldea (Durango), Balonmano Ardoi (Zizur Nagusia), Tolosa Eskubaloia (Tolosa), Stade Hendayais (Hendaia) eta Txingudi Zubieder (Irun). Antolatzaileek egun osoko egitaraua ondu dute, 10:00etatik 19:00etara joango dena. Txapelketako finala 18:00etan jokatuko da Artalekun, eta partida horren aurretik, orain gutxi zendutako kirol egokituko taldeko Jose Ramon Perez Suescun ‘Joserra’ omenduko dutela aurreratu dute antolatzaileek.
Programa:
- 10:00etan: Txingudi-Ibaizabal, Artalekun; eta Tolosa-Stade Hendayais, Urantzu pilotalekuan.
- 11:00etan: Corazonistas-Txingudi, Artalekun; eta Stade Hendayais-Ardoi, Urantzun.
- 12:00etan: Ibaizabal-Corazonistas, Artalekun; eta Ardoi-Tolosa, Urantzun.
- 16:00etan: 5. eta 6. postuen partida Artalekun.
- 17:00etan: 3. eta 4. postuen partida Artalekun.
- 18:00etan: Finala Artalekun.
- 19:00etan: Sari banaketa eta itxiera ekitaldia Artalekun.