Emakume errugbilariaren eguna antolatu du Txingudik
Emakume errugbilarien festa larunbat honetan ospatuko da Plaiaundin, 15:30etik aurrera. Entrenamendu bat, hirugarren denbora eta batukada feminista baten emanaldia dira eguneko menua.
Iragan larunbatean klubaren egun orokorra “arrakastaz” ospatu ondoren, emakume errugbilariaren eguna antolatu du Txingudi Errugbi Taldeak larunbat honetarako, hilak 10, Plaiaundin. Emakumeen errugbia sustatzen jarraitze aldera, hainbat ekitaldiz osatutako jardunaldia ondu du klub bidasoarrak etzirako. Horrez gain, Txingudik soilik emakumeez osatutako talde bat atera du aurten, eta egindako lanari denboraldi bukaera “bikaina” eman nahi diote. Emakumeen taldea bidea egiten ari da, eta dagoeneko lau lagunarteko partida jokatu dituzte, azkena maiatzaren 13an.
Emakume errugbilariaren egunerako, arratsaldeko egitaraua prestatu dute. 15:30etik 17:00etara, errugbi entrenamendu berezi bat egingo dute Maider Aizpuruaren eta Asun Gamindezen neskek. Entrenamenduaren ondoren, 17:30ean, errugbian ohikoa den hirugarren denboraz gozatuko dute, eta eguna jai giroan agurtzeko, 18:30ean, Sustrai Batukada Feministak Plaiaundiko bazterrak girotuko ditu. Larunbateko topaketara emakume oro gonbidatzeaz gain, lagun batekin etortzeko deia luzatu du klubak.
16 eta 18 urtez azpikoak, Plaiaundin
Larunbat goizean ere errugbia presente egongo da Plaiaundin. Bidasoarren 16 eta 18 urtez azpiko taldeek Asturiaseko All Rugby Llanerako 16 eta 18 urtez azpiko taldeen bisita jasoko dute. Txingudiko jokalariak Asturiasen izan ziren maiatzean, eta topaketa horren bigarren zatia izango da etzikoa. Zelairatuko diren lehenak 18 urtez azpikoak izango dira, eta 10:00etan hasiko dute euren norgehiagoka. Lehen neurketa bukatuta, 16 urtez azpikoek ekingo diote lehiari.
Gizonen lehen taldea eta beteranoak, urrun
Txingudiko gizonen lehen taldeak Monzonera (Huesca) bidaiatuko du asteburu honetan bertako Quebrantahuesos taldeak antolatzen duen ‘Fat Rugby’ txapelketa jokatzeko. Bidasoarrek iragan urteko txapelketa irabazi zuten, eta lorpen hori errepikatzeko asmoarekin ekingo diote txapelketari. Klubak azaldu du, izenak dioen moduan, ‘Fat Rugby’ txapelketan aritzeko, jokalariek gutxienez 90 kilo pisatu behar dituztela. Horrez gain, aurrelarien jokoa sustatzeko, arauak moldatzen direla gaineratu dute.
Bestalde, beteranoen taldea Arrangoitzen (Lapurdi) arituko da larunbat goizean ‘Rugby Touch’ txapelketaren lehian.
Clovis Leizagoien txapelketa
Larunbat honetan, Zarauzko Asti zelaian, 14 urtez azpikoen Clovis Leizagoien txapelketa jokatuko da Euskal Herriko eta Bearnoko (Frantzia) sei selekzioen artean. Txapelketa horretan, Txingudiko hiru jokalari arituko dira Gipuzkoako selekzioarekin: Oier Oliveira, Ekaitz Sanchez eta Helene Tristan. 10:00etan Arabako selekzioaren aurka arituko dira nor baino nor; ondoren, 11:00etan, Cote Basque selekzioaren aurka jokatuko dute.