BATeko neska-mutilak, maila mantentzera
Kluben arteko ligen azken jardunaldia jokatuko dute Bidasoa Atletiko Taldeko emakumeen eta gizonen taldeek larunbatean. Zaragozan eta Durangon arituko dira hurrenez hurren, salbazioa helburu.
Larunbatean kluben arteko ligen azken jardunaldia jokatuko dute Bidasoa Atletiko Taldeko neska-mutilek, eta bi taldeak, neskena eta mutilena, mailari eusten ahaleginduko dira. Emakumeen taldea Zaragozan lehiatuko da, eta gizonena, aldiz, Durangon.
Neskak Ohorezko Mailan ari dira lehiatzen, eta kategoria horretan dauden zortzi taldeetatik bik maila galduko dute. BATeko neskak daukaten talde onenarekin lehiatuko direla adierazi du klubak. Esaterako, Teresa Errandonea hesietako proban arituko da, eta Olaia Becerril, luzera jauzian. Nesken taldea azken asteetan “momentu onean” dagoela esan du klubak. BATen arabera, emakumeek “zaila” dute salbazioa lortzea, baina gogor ahaleginduko dira helburua lortzen.
Mutilak Lehen Mailan daude, eta beren salbazioa lortzea “pixka bat errazagoa” dela aitortu du klubak. Maila mantentzeko helburua bideratua badute ere, gogor aritu beharko dutela argi utzi du BATek. Nesken antzera, mutilek duten talde onenarekin ekingo diote Durangoko lehiari.