Irungo Harrera Sareak "kezka handiz" hartu du Espainiako Poliziaren agindua
IHSk gogoratu du migratzaileek oinarrizko eskubideak dituztela eta paperik ez izatea falta administratiboa dela eta ez delitu penala. Erantzukizunak eskatu dizkiote Espainiako Polizia buruzagitzari.
Irungo Harrera Sareak “sinetsi ezinda eta kezka handiz” hartu du gaur publiko egin den Irungo Atzerritarren eta Mugen Brigadako buruak sinatutako oharra.
Dokumentuak dio Espainiako Poliziak jaiegunak eskaintzen dituela Irunen atxilotutako migratzaile kopuruaren arabera. “Zenbat eta atxiloketa gehiago, orduan eta denbora libre gehiago. Pertsona bat atxilotzen duenak egun bateko saria jasotzen du. Bi atxilotu badira, lau egun.”
IHSk argi dio “migratzaileak ehizatzea” dela proposatuko neurri hori eta “ahalik eta migratzaile gehien atxilotzea animatzen” dituela agenteak salatu dute, “egun libreak lortzearen truke”.
Onartezintzat jo du IHSk “pertsona migratzaileek oinarrizko eskubideak, atzerritartasun-gaietan indarrean dagoen legedia eta poliziaren lan eskubideak ez errespetatzea eta zapaltzea”. Gaineratu dute “harrigarria eta asaldatzailea” dela.
Ildo horretan, taldeak gogoratu du pertsona migratzaileek “oinarrizko eskubideak” dituztela eta bizitza hobetzeko edo salbatzeko bidaiatzea dela horietako bat. Bestetik, “paperik ez izatea” falta administratiboa dela adierazi dute, “trafiko isuna bezala, ez da delitu penala”.
Irun migrazio bide eta helmuga naturala direla argi utzi du IHSk eta gogoratu dute Irun migrazioarekin osatutako hiria dela. Horrez gain, 1936an faxistengandik ihesi joan zirenen eta bizitza salbatzeko joan zirenen bide bera dela egungo migrazioarena diote eta ea azal koloreagatik balio handiagoa duten haien bizitzek galdetu dute. “Bizitza haiek balio handiagoa zuten zuriak zirelako?”.
Sarearen arabera gaur publiko egin den poliziaren neurriak “oraindik segurtasun indarretan gera daitekeen arrazismoa legitimatzen du” eta Melillako iazko sarraskia aipatu dute demokraziaren ez adibide gisa.
Eskariak
IHSk hainbat eskaera egin ditu gaur jakindako aginduaren harira. Batetik, herritarrei horrelako neurriei erantzutera gonbidatu diete, “hustu egiten baitituzte erakundeen edukiak”.
Erantzukizunak eskatu dizkiote Espainiako Poliziako buruzagitzari “berehala sakonki argitzeko eta behar diren dimisio guztiak emateko”.
Horrez gain, polizia erakundeei zuzendu zaie eta “giza eskubideak errespetatzeko eta arrazismoaren aurka borrokatzeko haien agenteak behar bezala prestatzeko” galdegin diete.
Azkenik, polizia agenteei “pertsona langile” gisa dituzten eskubideak “baliaraztera” animatu ditu Irungo Harrera Sareak.
Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkaria
EITBk emandako informazioaren arabera espedientea ireki diote agindua sinatu zuenari eta gaineratu dute ordu batzuetan egon zela aktibo neurria.
Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren Euskadiko ordezkariak adierazi du “akats absurdoa” izan dela “agente batek” hartutakoa eta jakin bezain laster “konpondu” dutela akatsa. Espediente diziplinarioa ireki zaiola agente horri azaldu du Itxasok eta dagokion zigorra jarriko zaiola, “egindako akats guztiak egiaztatzen badira”.
Agente batek “bere kabuz” hartu zuela erabakia argi utzi nahi izan du Itxasok, “gainera, Irungo komisarioa ez zegoen momentu horretan komisarian eta ez zuen neurri hori hartu izanaren berri”. Neurria sinatu duen agentea “apartatu” egin dutela ziurtatu du.
Ezker Anitza
Ezker Anitzako Arantza Gonzalez Gipuzkoako koordinatzaileak “premiazko azalpenak” eskatu dizkio Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroari Espainiako Polizia Nazionalaren Atzerritartasun Brigadako buruaren aginduagatik.
“Ez da nahikoa agindu bat baliogabetzea eta etorkinak kanporatzeagatik oporrak eta plusak ematea sinatu zuen Atzerritarren Brigadako buruari espedientea egitea” eta alderdiak berretsi egin du premiazko azalpenen beharra, “gertaera oso larri honen aurrean”.
Ikerketa bat irekitzea ere eskatu dute erantzukizunak argitze aldera, baita ere Espainiako Estatuak bultzatutako politika arrazistak “berehala” eteteko. “Demokrazia batean eta zuzenbidezko estatu batean ezin dira giza eskubideak nabarmen urratu”.
Europar Batasunean ere salaketa egiten ari direla azaldu dute, “migrazio politikek kanpoko mugetan duten eragina salatzen ari gara, sufrimendu humanitario handiko egoerak gertatzen ari direlako, arraza-kontrolak eta beroan egindako itzulketak zuzenean aplikatzeagatik, eta hori etengabe ikusten ari gara Irunen”.
Migratzaileen banaketa loteslea eta solidarioa, eta korridore seguru bat aktibatuko balitz “migratzaileak herrialdeetara modu ordenatu batean iritsi ahal izateko, bizitza proiektu berri seguruago eta duinago bat egiteko” ez litzatekeela Irunen gertatzen ari dena gertatuko dio Ezker Anitzako Europar Batasuneko ordezkaria Sira Regok.
Irungo Elkarrekin-Podemos-IU
Koalizio moreak “harridura” erakutsi du gaur jakin berri den aginduaren gainean eta “printzipio demokratiko guztiak kaltetzen dituen gertakaria” dela azaldu dute. “Lotsa besterik ezin du eragin hirian, hain zuen ere ondoko herrialdeko kontrol arrazisten ondorioz, Bidasoa ibaian hainbat migratzaile ito direla ikusi dituen hiri batentzat”.
Salaketa jarriko dute erakunde eremuan baieztatu du Elkarrekin-ek eta adierazpen instituzionala bultzatuko dutela Irungo Udalean aurreratu dute.
Adierazpen horretan Espainiako Estatuko segurtasun indarrak “profesionalak izatea” eskatuko dute, eta ez dutela onartuko “indar horien funtzioa gauzatzen denean larruazalaren kolorea bezalako baldintzatzaileak erabiltzea”.
Erakundeengana zuzentzerakoan “giza eskubideak errespetatzea” eskatuko dute ere, “baita horrelako jarduerak gaitzestea eta erantzukizunak argitzea ere”. Azkenik, Irungo Harrera Sarearen komunikatuarekin bat egiten dutela adierazi dute.
Ongi Etorri Errefuxiatuak
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak argi definitu du “ehiza txapelketa” gisa Espainiako Poliziaren neurria. Deitoratu dute ez dela horrelakorik ikusi duten lehen aldia eta froga bat besterik ez dela sinatutako dokumentua azaldu dute.
“Hori da egunero ikusten duguna, adibidez, Ceuta eta Melillako hesietako polizia jardunean”. Jarduteko modu bakarra dagoela adierazi dute, “ildo horretako jarraibideetan oinarrituta eta, gero, iritzi publikoaren aurrean, ukatu eta asmatu egiten dira poliziaren jardunari buruzko bertsio edulkoratuak”.
“Arazoa da publiko egin dela da” eta horregatik ireki zaiola espedientea uste dute, “aurpegi garbiketa” izan dela salatu dute. “Arrazakeria instituzionalaren beste adibide bat da hau”.
Bitxitzat jo dute polizia sindikatu batek salatu izana agindua eta ziur dira salaketaren arrazoia ez dela izan eskubideen urraketei buruzkoa, “baizik eta horrek lan karga eta polizien estresa areagotzea dakarrela”.
Askatasunez bizitzeko eta zirkulatzeko eskubidea aldarrikatu dute, gogoratu dute eskubideen urraketa dela “arau-hauste admnistratibo batengatik pertsonak atxilotzea, kasu honetan egonaldia erregularizatuta ez izatea, gainerako herritarrekiko diskriminazioa eta oinarrizko eskubideen urraketa dela”.
Azpimarra jarri dute egiten den diskriminazio hori “atzerritarren legerian jasota egoteak ez du eragozten diskriminazio hori legez kanpokoa izatea eta, beraz, berriro eskatzen dugu hura indargabetzeko”.
Polizia guztiek egiten dituztela “sistematikoki” arraza profilaren araberako kontrolak deitoratu dute eta horren atzean gaur publiko egin diren neurriak daudela iritzi dute. “Horrek erakusten du gobernu erakundeen kolore politikoa gorabehera, polizia kidegoek oso argi dutela migratzaileen kalteberatasuna. Eta horren arabera jokatzen dute”.
LAB sindikatua
LAB sindikatuak adierazi du “salagarria eta oso larria” dela neurria sinatzea, nahiz eta “hori baliogabetu duten eta sinatu zuen ikuskatzailea espedientatu zuten”.
Euskal herriko beste inguruetan salatu izan dutela gizarte taldeek poliziaren “praktika arrazistak, sistematikoki oinarrizko eskubideak urratzen dituztenak, hala nola arraza-profil etnikoagatiko kontrolak eta pertsona arrazializatuen kolektibo jakin batzuek bereziki jasaten dituzten gehiegikeriak”.
Neurria ” Irun eta Hendaia arteko mugan egunero bizi dugun indarkeriaren errealitatearen beste adibide bat” dela deitoratu dute. “Adierazpen instituzional hutsak soberan daude, eta benetako borondate politikoa falta da praktika horiek amaitzeko; izan ere, ez dira banakako kasuak, botere publikoek emandako zigorgabetasunean babesten direnak baizik”.
Erakunde publikoek “arrazakeria estrukturala sustatu eta saritzea” gaitzetsi dute, erakunde horiek eredua izan beharko luketelako “oinarrizko eskubideen babesari eta bermeari dagokionez”.
Muga irekitzearen eskaera egin dute eta “behingoz amaitzea profil etniko edo politikoagatiko zein arrazagatiko kontrolak nahiz berehalako kaleratzeak”. Azkenik, Espainiako poliziak “behingoz gure lurraldea uzteko” eskaera egin dute.
Irungo Sortu
Agindua “Irungo mugatik trantsituan dauden pertsonen oinarrizko eskubideen enegarren urraketa” dela salatu du Irungo Sortuk. Eskubide urraketa horien egileak direla azaldu dute Espainiako Polizia Nazionala eta Frantziako Polizia Nazionala.
Alderdiak dio neurriak “agerian” uzten dituena migranteek jasaten duten “arrazismo instituzionala”. Horren aurrean, “mezu argia” helarazi nahi izan dute: “Inor ez da ilegala. Xenofobia instituzionalari, stop!”.