Bidasoaren elastikoen enkante solidarioak 4.000 euro bildu ditu
Irabaziak Fernando Bolea klubeko jokalari eta entrenatzaile ohiak duen gaixotasunaren zaintzetara bideratuko dira. Julen Aginagalderen elastikoa izan da interes handiena piztu duena, 2.000 euroan saldu baita.
Bidasoa Irunek Asobal Ligako azken partidarako elastiko berezi bat sortu zuen, Julen Aginagalderi keinu eginez. Jokalari irundarrak iragan larunbatekoa izan zuen bere ibilbide profesionaleko azken neurketa, eta klubak bere omenezko elastiko bat sortu zuen. Elastiko berri horiekin, gainera, Bidasoak enkante solidario bat abiatu zuen, eta irabaziak Fernando Bolea klubeko jokalari eta entrenatzaile ohiak duen gaixotasunaren zaintzetara bideratuko dira.
Enkante hori itxi da dagoeneko, eta klubak jakinarazi du ia 4.000 euro bildu direla. Aginagalderen elastikoa izan da gehien nabarmendu dena, 2.000 euroan saldu baita 1.032 eskaintza jaso ondoren. Eskuragarri jarritako hogei elastikoek eskaintzak jaso dituzte enkantea irekia egon den denboran, Aginagalderen 13. zenbakia izanik interes handiena piztu duena.
Orotara, 3.829 euro jaso dira Bidasoak abiatutako enkante solidarioan, eta kopuru horri apirila hasieran Bidasoaren bigarren taldeak eta Zaragozak jokatu zuten partidako sarreren diru kopurua gehitu behar zaiola jakinarazi du klubak. Diru hori Bolearen familia laguntzeko Bidasotarrak eta Bidasoa peñek bultzatutako jardunaldi solidarioaren baitan bideratu zen, Ardora jatetxean egindako bazkari batekin.
Bidasoak goraipatu du elastikoen enkanteak “klubeko masa sozialaren elkartasuna” erakutsi duela “beste behin”. Horrez gain, klubak gogorarazi du honakoa izan dela enkante solidario bat abiatzen duten bigarren aldia. Lehena, 2020-2021 denboraldian gauzatu zuten. Elastiko hura arrosa kolorekoa izan zen, Bidasoak Bartzelonaren aurkako partida arrosaz jokatu baitzuen, bularreko minbiziaren aurkako borrokari keinu eginez. Orduan, 1.680 euro bildu zituen klub irundarrak, eta Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteari igorri zizkion.