Aisialdiko begirale izateko ikastaro bat abiatu dute
Doako ikastaroa izango da, euskaraz, Martindozenean, eta irailaren 30ean hasiko da. Izen-emateak udalaren atarian egin behar dira ostiraletik aurrera.
Irungo Udaleko Gazteria arloak, GazteARTEan zerbitzuaren bitartez, haur eta gazteen aisialdiko begirale izateko doako ikastaro bat jarri du martxan, “aurrekontuak gazteen partaidetzaren bidez egiteko prozesuaren esparruan boto gehien jaso zuten proposamenetako bati jarraikiz”.
Hezten entitateak emango du ikastaroa Martindozenea gaztelekuan, euskaraz, irailetik ekainera bitarteko larunbatetan. Behin ikastaroa bukatuta, parte hartzaileek Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulua eskuratuko dutela adierazi du udalak.
Ikastaroak 150 ordu teoriko eta 160 ordu praktiko izango ditu. Atal teorikoa irailaren 30ean hasi eta 2024ko ekainaren 1ean bukatuko da. Udalak zehaztu du gehienez 24 lagunek parte hartu ahal izango dutela programan. Taldea osatzeko, aldiz, gutxienez hamar pertsona beharko direla gaineratu dute.
Eskakizunak:
- 2024ko urtarrilaren 1erako 17 urte bete izana.
- 2024ko urtarrilaren 1erako 30 urte baino gehiago ez betetzea.
- 2023ko ekainaren 1erako Irunen erroldatu izana.
Izen-emateak
Izen-emateei dagokionez, hilaren 9tik 23ra egin behar dira udalaren webgunean. Aurkezten diren eskaeren kopurua eskaintzen diren tokiena baino handiagoa bada, hau da, 24 pertsona baino gehiagok ematen badute izena, uztailaren 7an, 10:00etan, zozketa bat egingo da jendaurrean. Zozketaren emaitzak uztailaren 11n jarriko dira ikusgai. Eskaera kopurua, berriz, 24 pertsona baino gutxiagokoa bada, ez da zozketarik egingo, eta izen-ematea behin betikotzat hartuko da.
Zozketa egin ondoren, mezu elektroniko bat bidaliko zaie tokia eskuratzen dutenei, inskripzio orria bete dezaten. Orri hori beranduenez uztailaren 26rako entregatu beharko dute, IGazte Informazio Bulegoan, Gazteria Zerbitzuan edo posta elektroniko bidez.
Informazio gehiagorako, GazteARTEan zerbitzuaren webgunea eta 943 63 93 53 telefono zenbakia ahalbidetu dituzte.