Indarkeria sexistarekin amaitzeko matazak
Larunbat honetan (ekainak 10) ehungintza aldarrikapen feministarako tresna gisa baliatuz "kaleak gureak dira" aldarrikatuko dute. Goizeko 10:00etatik aurrera matazak ehunduko dituzte Martxoak 8 plazan.
Larunbat honetan, Kalean Ehuntzeko Munduko Egunarenkin bat eginez, Euskal Herriko 11 puntutan kalearen konkista aldarrikatuko dute 25 bat erakundek. Horien artean izango da Hondarribiko Emeki Emakume Elkartea. Goizeko 10:00etatik 13:00ak bitarte iraungo du jai ekitaldiak. Bertan, matazak ehunduko dituzte indarkeriarekin bukatzen lagunduko duen sarea osatuz.
“Kaleak gureak dira” aldarri hartuta, Martxoak 8 plazan elkartuko dira. Aldarrikapena eta jaia nahastuko dituen ekitaldiak ehuntzearen artea aldarrikapen feministarako tresna bihurtzea izango du helburu. Era berean, emakumeei eta eremu pribatuari lotuta egoteagatik beren balioa kendu zaien diziplinak eremu publikora ateratzeko, auzoa eraikitzeko eta ehuntzeko hurbiltasuneko harreman afektiboei balioa emateko, eta lanen atzean dagoen jakinduria eta savoir faire guztia ikustarazteko baliatuko dute eguna.
Ekitaldiak bukatzerakoan, aipatutako 11 puntutan jositako matazak elkartu eta Astigarragako udaletxean zintzilikatuko dituzte elkartasun sare gisa.
2021ean sortu zen mugimendu hau, Lalocadelacasako Oihana Merinoren eta Adinkide GKEko Blanca Caballeroren eskutik. Ondoren, Matazak Indarkeria Sexistaren kontra proiektua kudeatzen duen Isabel Oterorekin batera egun duen forma hartu zuen.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza duen ekitaldia da, eta Indarkeria sexistaren aurkako Matazak elkartetik #puntuetakitto mugimendua sendotzeko balioko du. Halaber, antolakundetik azaldu dutenez, administrazio publiko, elkarte eta komertzioen eta gizarte zibilaren babesa jaso dute ere.
Honako elkarteak dira ekimenean parte hartuko dutenak: Indarkeria Sexistaren Aurkako Matazak (Astigarraga), Harituz (Astigarraga), Grupo de Mujeres de Trintxerpe Topaketa (Pasaia), Errenteriako Emakumeen Etxea (Errenteria), Errenkoalde (Errenteria), Laguntasuna Emakume taldea (Errenteria) o Pontikako Emakume taldea (Errenteria), Artile Mataxak (Errenteria), Emeki Emakume Elkartea (Hondarribi), Nire Bitxikeriak (Gasteiz), Noupops – Hilo para la vida (Gasteiz), Tejiendo en Vitoria (Gasteiz), Altzoa (Eibar), Adinkide (Pasaia), Lalocadelacasa (Pasaia eta Errenteria), Julita Merzeria (Zumarraga), Eskuz (Tolosa), Eskulanen Etxea (Donostia), Erroak – Sartu (Donostia), Skolastika (Bilbo), Udalak – Ayuntamientos: Pasaia, Errenteria eta Astigarraga.